Etiketa honen artxiboa: webgunea

Zinemauneak.eus: Zinemari buruz euskaraz berbetan

Saltseatzea merezi duen webgune baten berri gaurkoan: zinemauneak.eus ataria. Denetarik dago bertan: pelikulen kritikak, telesailei buruzko informazioa, estreinaldiei buruzko albisteak… eta hori guztia euskaraz. Besteak beste, ‘Multimedia’ atalean laster zinema aretoetan ikusgai egongo diren filmeen trailerrak daude, euskaraz.

Neguko hotzak goxatzeko baliabide ona izaten da zinema. Bada, arlo horretan zer berri dagoen euskaraz ikusteko aukera ederra ematen du webgune honek.

Errezetak batzeko Pagotxa.eus ataria sortu dute

Pagotxa RZk

Javi Rivero eta Imanol Zubelzu sukaldariek Pagotxa.eus webgunea sortu dute, bertan, errezeta erraz eta intuitiboak partekatzeko helbuarekin. Oraingoz, 54 jaki prestatzeko argibideak daude bertan, eta apurka-apurka kopurua handitzea da asmoa. Bide horretan, erabiltzaileek ere bidali ditzakete errezetak, Pagotxa.eus-en publikatzeko.

Webgunean diotenez, errezetak “habia utzi duten zure moduko txorientzat” dira. Izan ere, osasuntsu jan nahi duten gazteak izan dituzte buruan Pagotxa.eus sortzerakoan, baina errezetategia edonork erabiltzeko modukoa dela azaldu dute ekimenaren sortzaileek.

Errezetez gain, hiztegi bat ere badu webguneak, hainbat jaki euskaraz zelan esaten diren kontsultatzeko. Albisteen atal bat ere badago, ‘Hara!’ izenekoa, eta bertan sartuta jakin dugu euskarazko lehen errezetategia, ‘Escualdun cocinera’ izenekoa 1864an argitaratu zela Baionan.

 

Euskaraz ez dagoela gazte hizkerarik?

Gazteek gaztelaniara zergatik jotzen duten arrazoitzeko, maiz esan ohi da euskarak ez duela gaztelaniak izan dezakeen adierazkortasunik; haserratzeko, txantxak egiteko, ligatzeko… gaztelaniazko espresioetara jotzen dela, euskarazkoek ez dutelako gatzik ez piperrik.

Bada, euskarazko ondarea batzeko ahotsak.eus egitasmoa abiatu zuen Badihardugu euskara elkarteak gazte hizkera jasotzeko proiektua abiatu du, eta horretarako atondu duten webgunean kontu interesgarriak ikus daitezke, tartean, gazte hiztegia. Kategoriatan banatu dituzte hiztegi horretako hitz eta esamoldeak, eta Euskal Herriko hainbat txokotan iraintzeko, parrandarako edo sexurako erabiltzen dituzten berbak ikus daitezke, besteak beste.

gazte hizkeraInformazioa Euskal Herriko hainbat gazteri egindako elkarrizketen bidez jaso dute, eta elkarrizketa horiek ere bideoetan ikusgai daude gazteak.ahotsak.eus atarian. Oraindik ez dute Durangaldeko gazterik elkarrizketatu, baina hori ere helduko da!