Etiketa honen artxiboa: udaleko langileak

Euskaraz trebatzeko ikastaroa hasi dugu Udal Euskaltegiarekin elkarlanean

Gaur hasi dugu euskaraz trebatzeko ikastaroaren bigarren astea, eta bagabiltza, apurka-apurka gauzatxoak ikasten!

Euskarari astindu bat emateko asmoz, guztira, 36 langilek eman dute izena trebatze ikastaroan, eta hiru taldetan banatuta, astean behin dute klasea, udaletxeko Multimedia Gelan. Astelehenetan, asteartetan eta asteazkenetan izaten dira eskolak, 08:15etik 09:45era. Udal Euskaltegiko Garbiñe eta Maite dira irakasleak; Garbiñe astelehenetako eta eguaztenetako taldeekin dabil, eta Maite astearteko taldearekin.

Ikastaroaren helburu nagusia lanean euskaraz sortzea errazagoa izateko laguntza ematea da. Helburu erraz eta lorgarriak planteatu gura ditugu, eta erronka bat izango dugu aurrean: bakoitzak, bere mailatik eta aukeretatik, aurrerapausotxoak ematea.

Giro onean hasi dugu hemendik eta ekainera bitarteko bidea. Animo, denoi!

Aurreraxeago ere izango duzue ikastaroaren nondik norakoen berri blogaren bidez.

Aste ederra izan!

Korrikaren lekukoa gure eskuetan!

Pasa den ostiralean, eguzkia lagun, 20. Korrikari ongietorria eman genion udaleko langileok eta Udal Euskaltegiko ikasleek. Giro ederra izan genuen, eta hemen dituzue argazkiak, nerbioz eta adrenalinaz betetako momentuen erakusgarri! Korrika joan da, eta orain guri egunero lan egitea dagokigu. Aurretik, oporrak. Ondo-ondo pasa, eta laster arte!

 

Korrikako errifa eta gure lekukoa. Nork eroango du?

Kaixo, guztioi!

Agertu da Korrikako errifaren irabazlea! Udaltzaingoko Imanolek lortu du saria, 122 zenbakiarekin. Zorionak, Imanol!!

Eta, berriro ere, eskerrik asko errifak saltzen eta erosten parte hartu duzuen guztioi!!

Orain apirilaren 7ari begira jarri behar gara: nortzuk egongo gara gure kilometroan arineketan egiteko? Oraindik izena eman ez baduzu, bidali mezua trebatzailea@durango.eus-era. Martxoaren azken astean “hauteskundeak” egingo ditugu, udaleko langileen lekukoa nork eroango duen erabakitzeko!

Gogoratu, apirilaren 7an, 19:00ak bueltan helduko da Korrika Durangora. Laster izango dugu ibilbidearen berri!

Zelan joan da sei astez euskaraz lan egiteko erronka?

Bulego Teknikoan eta udaletxeko hirugarren solairuan erronka berezi bati heldu zioten apirilaren 11n: sei astez euskaraz lan egiteko aukerak aprobetxatzen ahalegindu dira, lehiaketa formatuan planteatutako ekimenean. Bigarren pisukoak hiru taldetan eta hirugarren pisukoak beste hiru taldetan, astero lankideek egindako jarduna baloratu behar izan dute, eta euskaraz lan egiteko ahaleginak saritzen ere ibili dira. Lehiaketa amaitzerakoan, bideoan jaso ditugu erronkako bizipenak. Ondorio nagusia? Lankideen arteko hizkuntza ohiturak apurka-apurka aldatu daitezkeela argi dago, eta giro umoretsuan egiten bada, askoz hobe! Euskaraz lan egin ahal izateko erronka ugari daude oraindik gainditzeko, eta ekingo diegu horiei ere!