Etiketa honen artxiboa: soziolinguistika klusterra

Kalean neurtutako elkarrizketetatik %22,7 izan dira euskaraz

Datu interesgarriak eman zituzten atzo Durangoko hizkuntza-erabileraren kale-neurketaren aurkezpenean.  Soziolingustika Klusterrak egindako azterketaren arabera, kalean entzundako elkarrizketetatik %22,7 euskaraz izan dira, eta %75,4 gaztelaniaz. Beste hizkuntza batzuetan erabilera % 1,9koa izan da. Kontuan izan behar da Durangoko biztanleen % 49 dela euskalduna, % 27 ia euskalduna eta %24 erdaldun elebakarra.

Adin-tarteka, umeak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (% 37,8). Euskara gutxien erabiltzen dutenak, berriz, adinekoak dira (% 14,5). Gazteen erabilera  % 25,2koa izan da eta helduena  % 18,8koa.

Auzoka berriz, Alde Zaharrean (% 29,6) entzun dute euskara gehien; ondoren Ezkurdi–Madalena eremua kokatzen da (% 17,8) eta azkenik, Ibaizabal–Landako eremuan entzun dute euskara gutxien (% 14,1).

Ikerketak hizkuntza ohituren inguruko beste datu esanguratsu bat azaleratu du. Umeek eta helduek osatutako taldeetan entzun da euskara gehien:  % 42,2. Baina, hala ere, umeak bakarrik (nagusirik barik) daudenean % 19,7koa da euskarazko erabilera; eta, aldiz, nagusiak euren artean (umerik barik) ari direnean, % 14,3tan darabilte euskara.

Beheko taulan duzue datu nagusien laburpena, eta gehiago sakondu gura baduzue, aurkezpenerako erabili duten txostena sarean dago, lotura honetan.

Bideoan batu dituzte euskararen erabilera neurketei buruzko datuak

Soziolinguistika Klusterrak egin du bideoa, eta bertan, kale neurketak zelan egiten dituzten azaltzeaz gain, azken hamarkadetan euskararen erabilerak izan duen bilakaera eta gaur egungo egoeraren irakurketa egin dute.

Duela hamar urtetik beheraka doa euskararen erabilera kalean

Soziolinguista Klusterrak emaitzekin egindako grafikoetako bat

Topea jo al du euskararen erabilerak? Formula berriak aurkitzeko garaia ote da? Azken datu soziolinguistikoen berri izaten ari gara; aurreko baten VI.Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak izan genituen berbagai, eta gaurkoan,berriz, Soziolinguistika Klusterrak Euskal Herri mailan egindako kale neurketa dugu hizpide.

Titular eta grafiko ugari utzi ditu neurketa horrek. Azpimarragarri batzuk hemen:

  • Neurtutako elkarrizketa guztietatik  %12,6 izan dira euskaraz. -Guztira 515.260 solaskide behatu dituzte-.
  • Euskararen erabilerak adin-tarte guztietan egin du behera 2013tik 2017ra
  • 1989an lehen neurketa egin zutenetik 2006ra gorantz egin zuen erabilerak, baina azken hamar urteetan behera egin du
  • Azken bost urteetan Arabako kaleetan baino ez da igo euskaraen erabilera

Gaian gehiago saltseatu gura baduzue, hemen duzue Soziolinguista Klusterraren txostena