Etiketa honen artxiboa: plateruena

Durangarren bizipenak eta kontzertuak, Euskaraldiaren amaiera ekitaldian

Ostiral honetan, abenduak 14, jaialdi berezia izango da Plateruena Kafe Antzokian, Durangoko Euskaraldiko batzordeak antolatuta.

20:00etan hasita, lehenengo, Euskaraldiak Durangon izan dituen ondorioak aurkeztuko dituzte, eta tartean, durangarren bizipenekin egindako bideoa proiektatuko dute. Euskaraldiaren balorazioa egin eta gero, luntxa izango da kafe antzokian, eta gaueko 22:00etatik aurrera, kontzertuak: Zea Mays eta Gora Etorri taldeak ariko dira Plateruenan.

Jaietako zapia kaleratu du GUKA euskaltzaleen bilguneak

Berton ditugu sanfaustoak, eta asteon jaietarako dituen asmoak plazaratu ditu Durangoko euskaltzaleen GUKA taldeak. AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Ibaizabal Ikastola eta Berbaro Taldea biltzen ditu GUKAk. Urte osoan euskaraz bizitzeko aukerak sortzen egiten du lan, eta jaietan ere presentzia izaten du txosnagunean.

Aurten jaietarako zapia kaleratuko dute euskararen aldeko aldarria ikustarazteko; euro baten truke eskuratu ahal izango dira karpan bertan, eta dagoeneko salgai jarri dituzte AEKn, Berbaron, Ibaizabalen, Plateruenan eta Antonio´s tabernan. Horrez gain, Kurutziaga iturri alboko karpan jan-edanerako aukera eta musika eskaintza berezia eskainiko dutela azaldu dute. Euskal musika ipiniko dute DJ Koolek urriaren 11n eta DJ Elepuntok urriaren 21ean.

Bestalde, urtero legez, GUKAko karpan mezu ironiko eta umoretsudun txapak banatuko dituzte, doan. Hona hemen pasa den urteeetako txapa batzuen irudiak:

Hika praktikatzeko gunea sortuko dute Durangon

Hika guneaHika berba egiten badakizue? Ikasi gurako zenukete? Bada, hikaren bueltan, Durangoko GUKA euskaltzaleen bilguneak -AEK, Berbaro taldea, Euskal Herrian Euskaraz eta Ibaizabal ikastola- hitzordua prestatu du  maiatzaren 5erako. Helburua tertulia giroan bertoko hikan aritzeko gune bat sortzea izango da.

Datorren ostegunean, Plateruena Kafe Antzokian izango da plana. 19:30 aldera elkartu eta Durango eta inguruko hikari astindu bat ematen hasteko deialdia egin dute.

Ikasi gura dutenak eta dagoeneko badakitenak daude gonbidatuta. Beraz, animatu!