Etiketa honen artxiboa: lehen edizioa

Lehen Euskaraldiko datuak esku artean, bigarrenari begira jarriko gara laster

Asteon plazaratu dituzte 2018ko Euskaraldian egindako ikerketaren emaitzak. EHU eta Soziolinguistika Klusterraren ikerketaren arabera, Euskaraldiko parte-hartzaileen euskararen erabilera % 20 hazi zen ariketa sozialak iraun artean. Handik hiru hilabetera jaitsi egin zen joera hori, baina Euskaraldiaren aurretik baino %5,6 altuagoa zen erabilera. Euskal Herri osoko lagin batekin egin dute ikerketa, eta txosten osoa interneten dago eskuragai.

 

 

Ikerketak hainbat datu esanguratsu azalerazi ditu:

  • Hizkuntza ohituretan aldaketa handiena euskara ulertu bai baina mintzatzeko zailtasun edo mugak dituztenek bizi izan zuten. Nolabaiteko zailtasunak eduki arren ‘ahobizi’ eginkizuna hartu zutenengan %27,7tik % 73,3ra igo zen erabilera, eta gero % 41,2ra bajatu zen; euskararekin mugak izan eta ‘belarriprest’ rola hartu zutenen artean, aldiz,
    % 8,9tik % 41,9ra igo zen erabilera, eta handik hiru hilabetera % 16,8 zen. Hona hemen grafiko adierazgarri bat (‘euskaldun osoak’ euskaraz aritzeko inolako zailtasunik ez dutenak dira, eta ‘euskaldun hartzaileak’, berriz, mugak edo zailtasunak dituztenak):

  • Txapa soinean: ahobizien %71ek adierazi du txapa “beti edo ia beti” eraman zuela soinean; belarripresten kasuan, % 65k.
  • Euskaraz berba egiteko aukera gutxien duten herrietan igarri zuten gehien ahobizi eta belarriprestak bisibilizatzeko ariketa: biztanleen % 20 baino gutxiago euskaraz ulertzeko gai diren guneetan % 33,4 igo zen erabilera.

Ikerketaren emaitzak bideo honetan laburbildu dituzte:

Geuk ere egin genuen gure ikerketatxoa Udalean Euskaraldiak izan zuen eraginaz. Blogeko albiste honetan laburtu genituen datuak.

2020an, Euskaraldi sakonagoa

Euskaraldia ekimenaren asmoa edizioz edizio eragin handiagoa izatea da. Hizkuntza ohiturak aldatzeko beste ariketa bat egingo dugu 2020an, sakonagoa; Euskaraldiaren bigarren edizioan, norbanakoen konpromisoaz gain, erronka kolektiboak landuko ditugu. Entitate, lantalde, elkarte eta herriko taldeei ariguneak sortzea proposatuko diegu; euskaraz lasai berba egiteko guneak izango dira ariguneak. Talde babesarekin, ahobizi eta belarriprestek ariketa egiteko giro egokia sortzea izango da helburua. Horren berri izango duzue aurrerago ere, Durangoko Udalean lanketa polita egin daiteke eta!