Etiketa honen artxiboa: koma

Puntuazioari buruzko errepasoa (5 minutuko ikastaroa)

Gaurkoan puntuazioari buruzko kontu batzuk errepasatuko ditugu. Gogoratu esaldi luzeak moztea garrantzitsua dela ulergarritasunari laguntzeko.

1. Zerrendak egiterakoan, paragrafoan erredaktatuta baino hobeto ulertzen da puntuen bidez idatzita.

Adibidez:
Ibilgailuari garrantzizko erreforma baimengabea egin bazaio, gidatuzko denbora-muga gainditu duela ikusten bada,
edota kontrol-tresnetan manipulazio posibleren bat egin izana agerikoa bada, ibilgailua inmobilizatu ahalko da.

Ibilgailua inmobilizatuko da baldin eta:

  • Garrantzizko erreforma baimengabea egin bazaio
  • Gidatuzko denbora-muga gainditu dela ikusten bada
  • Kontrol-tresnetan manipulazio posibleren bat egin izana agerikoa bada


 2. KOMA, besteak beste, esaldiak bereizteko erabiltzen dugu.
Pareko maila duten esaldi bi izan daitezke, edota menpeko esaldi bi (baldintzazkoak, ondorioa adieraztekoak, aurkaritzazkoak…)

  • Berrikuntza lanak egin dituzte liburutegian, eta kiroldegian laster hasiko dira obrak (pareko esaldiak, koordinatuak,  eta, edo eta ala juntagailuekin)
  • Legearen arabera, alkatea gaixorik badago, alkateordeak egin behar ditu haren lanak
  • Eskaera ezin izan da onartu, herritarrak ez dituelako ekarri beharreko paper guztiak aurkeztu.

Gomendio batzuk:

  • Ez jarri komarik subjektuaren eta aditzaren artean
  • Koma biren artean idatziko ditugu informazio osagarria eta testu antolatzaileak.

Adibidez:  Itzulpengintza juridiko-administratiboa, lehen esan bezala, hizkuntza normalizaziorako ahaleginen ondorioa da.

3. PUNTU ETA KOMA

Komaren eta puntu eta komaren artean hierarkia bat dagoela esan genezake.

Eten handiagoak egiten ditugu, eta komak dituzten esaldiak bereizteko balio digu puntu eta komak.

Adibidez: Legearen arabera, langile batzuk behin betikoak dira, eta “funtzionario” esaten zaie; beste batzuk, gehienak gaur egun, behin-behinekoak dira.

4. KOMAK, PARENTESIAK ETA MARRAK

Testu barruan azalpenak emateko, tartekiak egiteko, hiru bide dauzkagu: koma artean, parentesi artean edo marra artean joan daiteke azalpen hori. Hiru maila dira:

  1. Komak. Suabeena: Gure osabak, Ameriketatik etorri berri, etxea erosi zuen Durangon.
  2. Marrak. Indar handiagoa du eta azalpena testutik apur bat ateratzen dugu: Gure osabak –Ameriketan sei urte egin artzain egin zuenak- etxea erosi zuen Durangon.
  3. Parentesiak. Indar handiena dute. Testuarekin apurtzen dute eta ez dute komunztadura, deklinazioa… errespetatu beharrik: Gure osabak (Durango, 1941) Ameriketan irabazitako diruarekin etxea erosi zuen bere jaioterrian.