Etiketa honen artxiboa: ikastaroa

Euskaraz trebatzeko ikastaroa hasi dugu Udal Euskaltegiarekin elkarlanean

Gaur hasi dugu euskaraz trebatzeko ikastaroaren bigarren astea, eta bagabiltza, apurka-apurka gauzatxoak ikasten!

Euskarari astindu bat emateko asmoz, guztira, 36 langilek eman dute izena trebatze ikastaroan, eta hiru taldetan banatuta, astean behin dute klasea, udaletxeko Multimedia Gelan. Astelehenetan, asteartetan eta asteazkenetan izaten dira eskolak, 08:15etik 09:45era. Udal Euskaltegiko Garbiñe eta Maite dira irakasleak; Garbiñe astelehenetako eta eguaztenetako taldeekin dabil, eta Maite astearteko taldearekin.

Ikastaroaren helburu nagusia lanean euskaraz sortzea errazagoa izateko laguntza ematea da. Helburu erraz eta lorgarriak planteatu gura ditugu, eta erronka bat izango dugu aurrean: bakoitzak, bere mailatik eta aukeretatik, aurrerapausotxoak ematea.

Giro onean hasi dugu hemendik eta ekainera bitarteko bidea. Animo, denoi!

Aurreraxeago ere izango duzue ikastaroaren nondik norakoen berri blogaren bidez.

Aste ederra izan!

-RIK: Partitiboaren erabilera (5 minutuko ikastaroa)

Noiz erabiltzen dugu?

Erreferentea zehaztu gabea, generikoa, denean:

1) Ezezko esaldietan: “Ez dago baliabiderik ordenantza hau gauzatzeko”

“Ez daude baliabideak” esango bagenu, denok ezagutzen ditugun baliabideei buruz ariko ginateke.

Beste adibide bat:

– “Ez du libururik ekarri”

– “Ez ditu liburuak ekarri”

Bigarren esaldian liburu jakin batzuez ari gara, atzo ekartzeko agindutakoez, esaterako. Lehen esaldian edozein liburu izan daiteke, ez ditugu ezagutzen.

2) Galdera-perpausetan: “Badago diru-atalik pobreziaren inguruko ekitaldiak antolatzeko?”

3) Baldintzazkoetan: “Hamabost egun horietan alegaziorik aurkezten ez bada, araudia onartuko dugu”

4) Baiezko perpausetan, indar enfatikoa emateko: “Badago zer eginik udaletxe honetan!” BAI horretan egiten da indarra.

 

Gogoan izan!

Partitiboari dagokion aditza SINGULARREAN joan beharko da. Euskara zerbitzuak zuzendutako hainbat testutan akats hori ikusi dugu.

Adib:

Ez dira eragozpen teknikorik ikusi => Ez da eragozpen teknikorik ikusi

Ez dira bitartekorik ipintzen hori guztia konpontzeko => Ez da bitartekorik ipintzen hori guztia konpontzeko

Gaztelaniazko formei buruzko oharrak (5 minutuko ikastaroa)

  • GERTATU DA

Gaztelaniaz “ha resultado”, “tiene lugar” eta antzerakoak itzultzerakoan “gertatu” aditza erabiltzen dugu batzutan, eta euskaraz ez da oso natural geratzen:

Zumalakarregi Bilboko setioan zauritua gertatu zen eta handik bederatzi egunetara zendu zen. =­­> zauritu zuten

Jaialdia taldeak dauden herrietako antzokietan gertatzen  da => antolatzen da, egiten da…

  • KOKATZEN DA ere sarritan erabili ohi dugu “se encuentra” esateko, baina euskaraz forma naturalagoak daude:

Egin beharreko aterpea eraikinaren atzeko patioan kokatzen da => atzeko patioan dago

 

  • BERRI BAT

“Ha ocurrido un nuevo accidente”. Horrelako esaldiak ohikoak dira gaztelaniaz.

Euskaraz ere, ‘beste bat’ esateko ‘berri bat’ erabiltzen dugu sarri, baina, berez, ‘zahar’ -en antonimoa da ‘berri’, eta euskaraz beste modu batzuk daude horrelako esaldiak esateko:

Eraso sexista berri bat gertatu da => beste eraso bat gertatu da

Eraso berri horiek arbuiatzeko elkarretaratzea => azken eraso horiek arbuiatzeko elkarretaratzea

 

  • ESALDIETAKO EGITURA PARE BAT

BALDINTZAZKO ESALDIAN, DENBORA SARTZEA:

“No entiendo como ocurre esto, cuando todos conocemos que existe un reglamento y se puede evitar”

Gaztelaniaz, baldintza adierazteko horrelako esaldietan denborazko ‘cuando’ erabiltzen da, eta euskaraz gero horrelako gauzak esaten ditugu:

“Ez dut ulertzen araudi hau beste batzorde batean aztertu izana herritarren partaidetza batzordea dagoenean. =>  batzordea badago da forma zuzena, baldintzazko esaldi bat delako.

 

TRABAJAR POR LA PAZ = BAKEAGATIK LAN EGIN?

Gure barruko itzultzaile txikiak horrelako esaldiak egiten ditu batzutan:

“Lan egin dute pertsona horien autonomiagatik

Bada, gaztelaniazko “por la autonomía” dago hor atzean, eta “por” hori kasu honetan ez da “-gatik”. Forma egokiagoakoak dira hauek:

Lan egiten dute pertsona horien autonomiaren alde
Pertsona horien autonomia indartzeko / bultzatzeko egiten dute lan

Udal hiztegiari errepasotxoa (5 minutuko ikastaroa)

UDALA

    • Durangoko Udala erakundearen izena da, eta biak maiuskulaz idazten dira.
    • ‘Udala’ hitza bakarrik doanean, ez da izen propioa, eta minuskulaz idazten da. Adib: “Durangoko eta Abadiñoko udalek akordioa sinatu dute”
  •  Udala eta udaletxea ez dira gauza bera: udala erakundea da, eta udaletxea, eraikina

 

KARGUAK / LANPOSTUAK

Minuskulaz: zinegotzia, teknikaria, zuzendaria, alkate andrea, alkateordea, idazkaria…

 

SAILAK

Berdintasun saila ala Berdintasun Saila? Biak onartzen ditu Euskaltzaindiak.

Sailei buruz orokorrean berba egiten dugunean, minuskulaz: “Hainbat sailetako arduradunak deitu dituzte batzar horretara”

 

‘ADMINISTRAZIOA’ hitza

Botere-antolamendu baten edo haren mendeko zerbitzu publikoak adierazteko termino generikoa da. Bakarrik doanean, maiuskulaz idazten da.

Adib: “Erabaki hori Administrazioak hartu behar du”
“Bai, Administrazioan lan egiten du, baina ez da funtzionarioa”

 

DEKRETUAK ETA LEGEAK

Izen propioa direnean, maiuskularekin: 3/2011 Errege Dekretua, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duena

Bestelakoetan, minuskularekin: Diru-laguntza eman diogu elkarteari, dekretu bidez.

 

ZUZENKETETATIK HARTUTAKO BERBA BATZUK

Informea= txostena

Indikadorea= adierazlea

Diru-partida= diru-atala

Ingreso= diru-sarrera

Diru-laguntzak (gidoiarekin idazten da)

Talde durangarra=> Durangoko taldea (-ar atzizkia pertsonekin erabiltzen da)

San Fausto jaiak= sanfaustoak elkarrekin idazten denean, minuskulaz idazten da, sanferminen moduan. San Fauso jaiak eta sanfaustoak.

Zerrendak eta ideia askoko esaldiak (5 minutuko ikastaroa)

Idazten gabiltzala, sarri ez gara konturatzen zelako ideien kate luzeak idazten ditugun. Ulertzeko zail xamarrak izan daitezkeen testuak sortzen ditugu.

Hona hemen aholku batzuk:

  1. Erabili bi puntuak –edo puntu eta koma- beldurrik barik:
  • 10.000 biztanletik gorako herria garelako edo planeamendu orokorraren berrazterketarekin hasi garelako, derrigortuta gaude zarata mapa egitera
  • Bi arrazoigatik gaude derrigortuta zarata mapa egitera; alde batetik, gurea 10.000 biztanletik gorako herria delako, eta, bestetik, planteamendu orokorraren berrazterketa hasi dugulako

 

2. Informazio garrantzitsua aurreratzea komeni da. Askotan aditzean egoten da informazio garrantzitsu hori:

  • 213/2012 Dekretuak dionez, zarata mapak egitera behartutako udal guztiek -10.000 biztanletik gorakoek- eskumena duen administrazioak egokitzat jotako unean eta maiztasunez berrikusiko dituzte zarata mapa horiek.
  •  213/2012 Dekretuak dio zarata-mapak egitera behartutako udal guztiek -10.000 biztanletik gorakoek- berrikusi egin beharko dituztela mapa horiek, eskumena duen administrazioak egokitzat jotako unean eta maiztasunez.

 

3. Eta ezezko esaldietan ‘EZ’ hitza bera oso informazio garrantzitsua da. Adib:

  • Bai zure arropak bai nondik zatozen bai zein den zure izena ez dira garrantzitsuak
  •  Ez dira garrantzitsuak zure arropak, ez nondik zatozen ezta zein den zure izena ere

 

4. Diseinu aldetik, ez izan erreparorik zerrendak eskema egituran egiteko:

Idazkiren bat ailegatzen den bakoitzean, sistema informatikoak bermatu egin behar du datu hauek jasotzen direla: hartzailearen identifikazioa, administrazio-organo bidaltzailearena, aurkezpeneko data eta ordua, eta, behar izanez gero, erregistratzen den idazki edo komunikazioaren edukiari buruzko aipamena ere bai.

Idazkiren bat ailegatzen den bakoitzean, sistema informatikoak bermatu egin behar du datu hauek jasotzen direla:

  • Hartzailearen identifikazioa
  • Administrazio-organo bidaltzailearena
  •  Aurkezpeneko data eta ordua
  •  Behar izanez gero, erregistratzen den idazki edo komunikazioaren edukiari buruzko aipamena.

Noiz erabiltzen da -KO eta noiz -TAKO? (5 minutuko ikastaroa)

Zer desberdintasun dago esaldi bi hauen artean?

  • Hiru urtetako neska-mutilak etorri dira
  • Hiru urteko neska-mutilak etorri dira

Lehen esaldian, hiru urtetan jaiotako neska-mutilak dira etorri direnak; 2008koak, 2009koak eta 2011koak, esaterako.

Bigarren esaldian, etorri diren neska-mutilek, denek, hiru urte dituzte.

Noiz erabiltzen da –KO eta noiz –TAKO?

  • -KO kasu markak NOLAKO galderari erantzuten dio, eta adina, prezioa edo neurria adierazteko erabiltzen da.
  • TAO gunean ordaindutako aparkatze-denbora gaindituz gero, 60 euroko isuna jartzen du udalak
  • Durangon, terrazek eta mahaitxoek, gehienez, 12 x 4,8 metroko azalera hartu ahal dute
  • Hamabost eguneko epea egongo da alegazioak aurkezteko

60 eurotako isuna / 12 x 4,8 metrotako azalera / hamabost egunetako epea

 

  • -TAKO mugagabeak, ordea, NONGO edo NOIZKO galderari erantzuten dio.
  • Hogeita sei elkartetako kideek parte hartuko dute Munduko Arrozak jaian
  • Egun askotako lana egin behar izan da Turismo Bulegoa museoan egokitzeko

Sei elkarteko kideek / egun askoko lana
Salbuespenak:

  • MOTA, ERA, SAIL, NEURRI eta KATEGORIA izenekin –TAKO marka erabiliko dugu:
  • Hiru kategoriatako pilotariek parte hartuko dute jaietako torneoan
  • Lau neurritako karpak dauzka udalak, ospakizunetan eta azoketan erabili ahal izateko.
  • Bi motatako inprimakiak bete daitezke HAZen: kexak eta iradokizunak

Hiru kategoriako pilotariak  / lau neurriko karpak / bi motako inprimakiak

 

  • Zenbatzailea BAT denean BATEKO erabiliko dugu, eta ez BATETAKO, berdin da NOLAKO, NONGO edo NOIZKO galderari erantzun.
  • Elkarte bateko kideek hala eskatuz gero, batzorde informatiboetan parte hartu ahalko dute
  • Taberna bateko jabeak eman du bart gaueko borrokaren berri

Elkarte batetako / taberna batetako

Benetako zuzenketetatik II: Adierazpenak (5 minutuko ikastaroa)

Batzordeetako aktetan, adibidez, zinegotzien, teknikarien eta bestelako kideen adierazpenak jarri ohi ditugu. Horrelakoak idazterakoan, gogoratu ohartxo batzuk:

  • Adierazpenaren aditza aurreratuz gero, hobeto

Informazio garrantzitsua da! Nork esan/galdetu/kritikatu duen prozesatu, eta gero dator atzetik beste guztia

  • Aditzaren ostean, normalean komarik ez

Jakinarazi da, Michel Alisonek hitzaldi bat emango duela Durangon

Normalean pausatxo bat egiten dugu aditzaren ostean, baina berezkoa da pausaldi hori, eta ez dugu zertan komarik jarri behar.

  • Karguak zelan idatzi

 Izenaren ostean, kargua: koma artean eta kasu marka berarekin:

    1. Aitor Larruzea, Toki Agenda 21eko teknikariak, gai hau aurkeztu du… -> Aitor Larruzeak, Toki Agenda 21eko teknikariak
    2. Kargua kasu marka barik eta gero izen-abizenak: Toki Agenda 21eko teknikari Aitor Larruzeak gai hau aurkeztu du…

Sail eta departamenduei buruz idazten gabiltzanean, gogoratu –(A)REN marka barik –(E)KO erabili behar dela:

    •  Gizarte ekintzaren arloaren teknikariak azaldu du… -> Gizarte Ekintza arloko teknikariak azaldu du
    • Ikastetxearen guraso batzuek -> Ikastetxeko guraso batzuek

 

  • Azken aholkutxo bat

Hainbat pertsonen arteko eztabaidari buruz idazten gabiltzanean, pertsona bakoitzak esandakoaren ostean puntu eta aparte egitea gomendatzen dizuet.

Estilo zuzena ere erabili dezakezue. Adibidez:

Julian Rios: Bere garaian, Zinegotzi 22 deitu genion dokumentu-mozioa landu genuen ….

Dani Maeztu: Legealdia hasi zenean, herritarren partaidetzarako…

Horrelakoetan, hitzez hitzeko aipamenak txertatzean, bi puntuen ostean maiuskulaz hasten dira adierazpenak.

Benetako zuzenketetan ikusitakoak I: Aditzari buruz (5 minutuko ikastaroa)

Gaztelaniazko idazteko formulen eraginagatik edo idazkera formala bilatu guran ibiltzen garelako, batzuetan bihurri xamarrak diren aditz formak erabiltzen ditugu. Hona hemen Euskara Zerbitzuak zuzendutako testuetako adibide batzuk:

  • Sinaketa egiteko = sinatzeko
  • Herritar guztei gonbidapena luzatzen diegu= herritar guztiak gonbidatzen ditugu
  • Proiektuak izan duen ibilbidearen azalpena egin da= proiektuak izan duen ibilbidea azaldu dute
  • Pendiente egon: Informe teknikoa eskatu dugu baina oraindik pendiente dago: oraindik ez dugu horrelakorik jaso, oraindik egiteke dago / pendiente jarraitzen du gai honek = gai hau lantzeko dago
  • adostasunera heldu dira = ados jarri dira, adostu dute
  • tabernaren kontsezioa berriz ateratzera geure burua behartuta ikusidugu = Tabernaren kontsezioa berriz atera behar izan dugu
  • Ibilaldiko ordezkaria batzordean aurkeztu da (se presenta) = batzordera etorri da
  • LITZATEKEren gehiegizko erabilera: “egin daitezkeen ekintzak gero eta ugariagoak badira, kostua ere handiagoa izango litzateke – “gero eta ekintza gehiago egin gura badira, kostua ere handiagoa izango da
  • Batzarra ospatu = batzartu, batzarra egin