Etiketa honen artxiboa: haurren eguna

Etxealditik Euskaraldira, datozen 7 egunetan hizkuntza ohiturak astintzeko

Udazkenean izango dugun Euskaraldirako entrenamendua hasiko dugu gaur: Etxealditik Euskaraldira. Egunero, apirilaren 30era arte, alorren baten euskaraz bizitzeko proposamena helduko zaigu Euskaralditik, eta helburua etxean eta etxetik euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egitea izango da.

Zazpi egunetako proposamenekin hasi aurretik, hausnarketarako tarte bat hartu eta gure hizkuntza ohituren erradiografiatxo bat egitera animatu zaitezte. Momentu honetan norekin egiten duzu berba egunerokotasunean? Eta zer hizkuntzatan? euskaraz, gaztelaniaz, bietan? zer ohitura aldatu edo hobetu gurako zenuke?

Ariketa txiki hori egin ostean, goazen lehen erronkara. Gaur, apirilak 24, EUSKARAZ JOLASTEKO deia egin dute Euskaralditik. Umeekin eta ume ez direnekin gehiago jolasteko aukera eman digu koronabirusak eta horretarako aukera ugari dago. Berriak bere webgunean, esaterako, euskarazko jolasen lotura interesgarriak batu ditu.

Umeekin jolasteaz ari garela, gogoratu gaur Durangon Haurren Eguna dela! Egitaraua antolatu du Durangoko Udalak:

HELDUENTZAKO ERE jolas interesgarriak daude euskaraz: aurrekoan Berbarok sortutako pista jolasaren berri eman genuen, eta Harrapazank gazteentzako atariak ere beste pista jolas bat sortu du:  3dikrimenak.  Jolasari lotuta, mugikorreko Egunean Behin aplikazioa ere laster bueltatuko da oporretatik, eta astelehenean denboraldi berria hasiko da. Egunean hamar galdera erantzunda sariak irabazi ditzakezue, eta Euskal Herrikoaz gain, gero eta herri mailako, koadriletako eta familietako talde gehiago daude!

Datozen egunetan arlo gehiagotan euskara lantzeko ideia eta proposamenak helduko dira. Adi, beraz! 😉