Etiketa honen artxiboa: hamaika egun euskaraz

Gaurtik aurrera, hamaika egunez (eta gehiago) ahobizi eta belarriprest!

Heldu zaigu Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa kolektiboa. Gaurtik abenduaren 3ra ahobizi eta belarriprest txaparekin ibiliko gara Euskal Herri osoan 196.000 pertsona inguru. Ez da erronka makala, aurrera!

Durangoko datu zehatzak ez dauzkagu oraindik. Jende askok azken astean eman du izena, eta datu basea elikatzen ari dira oraindik Euskaraldiko kideak (arazo teknikoak daude, jende asko dabilelako datuak sartzen). Anbotok Durangaldeko argazkia egin du gaur, asteazkeneko datuekin. Laster emango dugu horren berri eta Euskaraldiko porra nork irabazi duen esango dizuegu! Izen-ematea oraindik azaroaren 27ra arte egin ahalko da https://izenematea.euskaraldia.eus/ webgunean.

Hemen duzue Berriak gaur argitaratu duen artikulu interesgarria, Euskaraldiko datu eta xehetasun guztiekin.

Udal langileok ere prest gaude ahobizi eta belarriprest izateko. Gogoratu datorren astearte eta asteazkenean herritarrekin ditugun elkarrizketak neurtuko ditugula, Euskaraldiaren eragina ikusteko. Horrez gain, proposamen bat daukagu zuentzat: egunotan Euskaraldia tartean dela lanean bizi dituzuen bizipenak apuntatzea eta besteoi kontatzea. trebatzailea@udala.eus-era bidaliz gero, email baten batuko ditut denoi bidaltzeko.

Hemen dituzue asteon udaletxean eta Landako kiroldegian ateratako argazkiak. Euskaraldi on, guztioi!