Etiketa honen artxiboa: gomendioak

Liburuaren Eguna: gomendioak eta ekitaldiak

Bihar, apirilak 23, Nazioarteko Liburuaren eta Autore Eskubideen Eguna da, eta egun horren aitzakian, aurten ere, udaletxeko hainbat lankideri euskarazko liburuak gomendatzeko eskatu diegu.

Gainera, Durangon, pare bat hitzordu aipatu behar ditugu Liburuaren Eguna dela eta ez dela. Gaur, barikua, 18:00etatik gauerdira arte, Durangaldeko 240 pertsonek III.Irakurraldian parte hartuko dute Plateruena kafe antzokian, ‘Hitzez eta ahotsez’ ekimenak antolatuta. Eskualdeko idazleen lanak irakurri eta abestuko dituzte sei orduz. Bestalde, bihar, zapatua, 16:00etatik aurrera, Durangoko Arteka, Hitz eta Urrike liburu-dendak kalera irtengo dira: Andra Mariko elizpera aterako dituzte liburuak. Deskontuak egongo direla jakinarazi dute, eta gainera, liburua erosten duten herritarrei Cengotita lora-dendak eskainitako landare bat oparituko diete.

Hona hemen, lankideen gomendioak:

LIBURUA-Orain hilak ditugu

ORAIN HILAK DITUGU (poesia)

Egilea: Karmele Jaio

Gomendioa egin duena: Maite Euba (Udal Euskaltegia) eta Amaia Eguzkitza (Informatika saila)

Zergatia:
Maite Euba: “Ezin ukatu Karmele Jaio nire idazle kuttunetakoa dela. Hurbila, sentibera, egunerokoari erreparatzen diona (…) Ez naiz poema-liburu irakurle trebea, baina honetan harrapatu egin nau eta ziztada egin dit”

Amaia Eguzkitza: “Poesia da, eta egunerokotasuneko gaiak jorratzen ditu: minak, hutsuneak, gazigozoak. Emozioekin konektatzen lagundu dit”

Maite Eubak, gainera, liburuko olerki bat aukeratu du; Gosari aztarnak, “askoren artean laster Amaren Eguna ere badelako eta nostalgiari bere lekutxoa egitearren”. Hemen duzue olerki hori:

Gosari aztarnak

Ez dira domeketako pagak,
ez dira marrazki bizidunak,
parkeko jolasak
edo benetako lagunak
faltan sentitzen ditudanak.

Ez dira uretan egindako dzangak,
futboleko izerdiak,
amaigabeko udak.
Ez dira gurin zaporezko meriendak,
esnetan bustitako gailetak
faltan nabari ditudanak.

Goizero
nire ezpainetako gosari aztarnak
txistuaz bustitako zapiarekin
garbituko dituen norbait
oraindik badela jakitea da
benetan falta zaidana.

LIBURUA-Arotzaren eskuak

AROTZAREN ESKUAK (nobela)

Egilea: Alberto Ladron

Gomendioa egin duena: Iñigo Andres (Bulego Teknikoa)

Zergatia: “Liburu honek misterioa eta genero poliziako biltzen ditu. Gaur egungo emakume bat bere aitonarena izandako baserrira joaten da bizitzera bake bila, eta aurkikuntza zirraragarri bat egiten du baserri aurreko lur-azpian. Hortik aurrera misterioa eta erahilketa batzuen aztarnen atzetik abiatzen da. Gerra Zibila, naziak… Duela 70 urte gertatutakoaren korapiloa askatzen joaten da poliki-poliki”.

 

LIBURUA-Atertu arte itxaron

 

 

ATERTU ARTE ITXARON (nobela)

Egilea: Katixa Agirre

Gomendioa egin duena: Amaia Eguzkitza (Informatika saila)

Zergatia: “Entretenigarria da, eta, Euskal Herriko parajeak aitzaki,  historia arin eta entretenigarri bat kontatzen du, gogoeta ugarirekin”.

LIBURUA-Lili eta biok

 

 

LILI ETA BIOK (nobela)

Egilea: Ramon Saizarbitoria

Gomendioa egin duena: Toni Atutxa (Euskara saila)

Zergatia: “Faustino Iturbe idazleak eta Lili neskatoak atzera-aurrerako jauziak egiten dituzte gaur-gaurko bizipenetatik iraganeko misterioetara, eta atzera begirakoan gerra zibil garaiko gertaera mingots bat harilkatzen dute oihal-txatal urratuak apurka-apurka josiz behinolako gertaeren oihal osoa osatu arte.”

 

LIBURUA-mariak20urteditu
MARIAK 20 URTE DITU (komikia)

Egileak: Maria Gallardo eta Miguel Gallardo

Gomendioa egin duena: Esti Albizu (Udal Bilblioteka)

Zergatia: “Miguel Gallardok Maria bere alabak munduarekin zelako harremana duen kontatzen du komiki bidez. Izan ere, autismoa du Mariak, eta bere aitak udan egindako oporraldian gertatutakoak samurtasun handiz eta umorez kontatzen ditu. Komikizale amorratuak gara bibliotekan, eta dagoeneko kalitatezko bilduma handia daukagu; hauxe eta aurretik kaleratutako Maria eta ni, tartean”

untitled

 

 

ERRESUMAREN EGUNSENTIA (nobela)

Egilea: Mila Salterain

Gomendioa egin duena: Nagore Uribe-Etxebarria (Andragunea)

Zergatia: “Durangaldean oinarritutako eleberri historikoa delako, aukera paregabea gure historiaren zati bat ezagutzeko”

 

 

LIBURUA-Londres kartoizkoa da

 

LONDRES KARTOIZKOA DA (nobela)

Egilea: Unai Elorriaga

Gomendioa egin duena: Fernan Ruiz (Euskara saila)

Zergatia: “Intrigaz betetako liburua da. Idazteko estilo arina eta erabat ulergarria erabiltzen du, beti, esango nuke, Unai Elorriagak. Mamia ulertu eta hariari jarraitzea, ostera, zail samarra egin daiteke. Pertsonaia asko agertzen dira eta izenekin korapilatu egin gaitezke. Psikologiatik asko du, eta fikzioa da, baina gaur egun, oraindik, bizi ditugun zenbait gai aurkezten dizkigu idazleak: diktadura, torturak, buruko gaitzak… Gomendagarria, benetan”.

Durangoko Udal Euskaltegiko ikasleek ere egin dute liburuak gomendatzeko ariketa. Hemen dituzue gomendioak, Udal Euskaltegiko blogean.