Etiketa honen artxiboa: euskaraz

‘Hitzen lapurra’ ipuin-kontaketa saioa, gaur, Bizenta Mogel Bibliotekan

Gaurkoan, kultur proposamen bat egin digute bibliotekako lagunek: Dorleta Kortazar ipuin-kontalari arrasatearra etorriko da gaur iluntzean, 19:00etan, “Hitzen lapurra” helduentzako ipuin kontaketa saioa eskaintzera.

Umeentzako eta helduentzako ipuin kontaketan ibiltzen da Dorleta, eta honela bizi ditu ipuinak: “Bizitzari buruzko beste ikuskera bat transmititzeko balio dute ipuinek, eta nire ipuinetan hori lortzen saiatzen naiz. Beste bide batzuetatik jasotzeko zailak diren eredu eta balioak helarazten dizkiet entzuleei.” (goiena.eus ataritik hartutako aipua).

Ostiral iluntzerako plan ederra izan daiteke! Animatu!

Zelan joan da sei astez euskaraz lan egiteko erronka?

Bulego Teknikoan eta udaletxeko hirugarren solairuan erronka berezi bati heldu zioten apirilaren 11n: sei astez euskaraz lan egiteko aukerak aprobetxatzen ahalegindu dira, lehiaketa formatuan planteatutako ekimenean. Bigarren pisukoak hiru taldetan eta hirugarren pisukoak beste hiru taldetan, astero lankideek egindako jarduna baloratu behar izan dute, eta euskaraz lan egiteko ahaleginak saritzen ere ibili dira. Lehiaketa amaitzerakoan, bideoan jaso ditugu erronkako bizipenak. Ondorio nagusia? Lankideen arteko hizkuntza ohiturak apurka-apurka aldatu daitezkeela argi dago, eta giro umoretsuan egiten bada, askoz hobe! Euskaraz lan egin ahal izateko erronka ugari daude oraindik gainditzeko, eta ekingo diegu horiei ere!