Etiketa honen artxiboa: erabilera

Zergatik Ondarroan bai eta Bermeon ez?

Ondarroa eta Bermeo. Bi herriak daude Bizkaiko kostaldean, biek izan dute arrantzarekin lotura berezia, eta biak dira herri euskaldunak. Hala ere, ezagutzaren eta erabileraren arteko saltoa handiagoa da Bermeon Ondarroan baino. Errealitate horren zergatiak zeintzuk diren jakin guran, ikerketa egin dute UEMAko teknikariek.

Bermeon herritarren % 72k daki euskaraz, eta Ondarroan, berriz, %79k. Erabileran, ostera, alde handia dago. Bermeon, kalean entzuten diren elkarrizketen %33 dira euskaraz, eta Ondarroan, %79. Gazte bermeotarren %15ek egiten du euskaraz kalean, eta gazte ondarrutarrek, berriz, ia denek; %92k.

Desberdintasun horren zergatiak argitzeko, inkestak, talde eztabaidak eta elkarrizketa sakonak egin dituzte Bermeon eta Ondarroan. Hona hemen ikerketan atera dituzten ondorio batzuk:

  • Euskararen erabileran eragina dauka herrien kokapen geografikoak eta inguruko herriekin dagoen harremanak. Kasu honetan, Ondarroa herri euskaldunez inguratuta dago, eta Bermeo ez horrenbeste.
  • Turismoaren hazkundea. Bermeon askoz ere eragin handiagoa du turismoak.
  • Herriko bizi ohiturak. Bermeotarrek ondarrutarrek baino gehiago jotzen dute herritik kanpo erosketak egiteko, lanerako, aisialdirako…
  • Erreferenteen eragina. Ondarroan herriko elkarte eta talde guztiek euskaraz funtzionatzen dute, eta Bermeon ez. Naturalki gertatzen da.
  • Bermeon transmisioan etena egon da. Herriko izaerarekin lotutako transmisioa ere galdu egin dela ondorioztatu dute.
  • Hizkuntzaren estatusa. Ondarroarrak harro daude bertako hizkerarekin; Bermeon hizkuntzaren inguruan duten autoestima ez da hain altua.

Bermeon duela gutxi egin dute ikerketaren aurkezpena. Lotura honetan aurkezpen horretan erabilitako dokumentua duzue, eta jarraian, ikerketan parte hartu dutenen testigantza batzuk:

Euskararen alde, errekorraren bila

Gurean, herritarrak euskarara aktibatzeko kanpaina irudimentsuak eta freskoak sortzen dira tarteka. Eibartarrek, oraingoan, erronka potoloa jarri diote euren buruari. Euskararen erabilera sustatzeko Akebai izeneko plataforma sortu dute Eibarren, eta lehen ekimena ekainaren 22an egin gura dute; Guinness errekor bat haustea!

Eibarko Untzaga plazan 2.500 pertsona batzea da erronka, mosaiko erraldoi bat egiteko. Hemen duzue ekimenaren bideoa:

Egungo “Irudi baten aldaketa” kategoriako Guinness errekorra Dubain daukate. Han 2.350 lagun elkartu ziren erronka burutzeko:

Hemendik hilabetera jakingo dugu ea eibartarrek euren helburua lortzen duten!

Informazio gehiago, Akebai plataformaren webgunean

Astiro-astiro, gorantza doaz euskararen erabilera eta ezagutza EAEn

Bost urterik behin egiten den Inkesta Soziolinguistikoaren EAEko datuak plazaratu berri dituzte. Ikerketaren arabera, euskaldunen kopurua hazi egin da azken bost urteetan, eta EAEko biztanleen erdiak baino gehiagok euskaraz ulertzen du.

ezagutzaren-gaztaia

(*Euskaldun hartzaileak= euskara ulertu bai baina berba egiteko gai sentitzen ez direnak)

16 urtetik gorako herritarrek erantzun dute inkesta, eta biztanle guztiak kontuan hartuz gero, euskaldunen portzentajea altuagoa izango zela azaldu du Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Izan ere, gaur egun, 16 urtetik beherako gazte eta umeen
% 73.1ek D ereduan ikasten du EAEn.

Azken hogeita bost urteetako datuak kontuan hartuta, horrela hazi da euskaldunen kopurua:

ezagutzaren-bilakaera

Eskola paper garrantzitsua izaten ari da euskararen biziberritzean. Gaur egun, 16 eta 24 urte arteko adin-tartean dago euskaldun gehien (%71.4). Orain dela 25 urte, berriz, adin-tarte euskaldunena 65 urtetik gorako pertsonena zen.

vi-inkesta-soziolinguistikoa-adinaren-arabera

EAEko etxeetan ere gero eta euskara gehiago transmititzen da, inkestaren arabera. Duela 25 urte gazteen %20,4k erantzun zuen bere lehen hizkuntza euskara edo euskara eta gaztelania zirela. Gaur egun, %33,3k.

transmisioa-lehen-hizkuntzaren-bilakaera

Erabilerari dagokionez, egunerokotasunean gaztelania erabiltzen dutenen portzentajea oso handia da oraindik:

erabileraren-gaztaia

Hala ere, gorantz doa portzentaje hori, astiro-astiro bada ere. Inkesta erantzun dutenen %20,5ek esan du euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen duela. Datozen urteotako erronka kopuru hori handitzea eta jendea erabiltzera animatzea izango da.

erabileraren-bilakaera