Etiketa honen artxiboa: durangoko udala

Euskara praktikatu gura duzu? Kafetxo bat har dezakegu

Gogorarazi gura dizuegu Kafelagun egitasmoa martxan daukagula Euskara Zerbitzuan. Kafe orduan euskaraz lasai berba egiteko tarte bat hartu gura duzu? presio barik lankideen artean lasai berba egiteko? bada, horixe da Kafelagunen egiten duguna. Astean behin, edo bi asterik behin, zuk gura duzun maiztasunarekin elkartuko gara.

Horrez gain, gogoratu laneko gairen baten ahozko euskara hobetu gura baduzu ere, Euskara Zerbitzura jo dezakezula; gu prest izango gara laguntzeko!

Informazio gehiago gura izanez gero, idatzi trebatzaileari.

Durangoko udal zerbitzuetan Euskaraldiaren eragina igarri dugu

Euskaraldian egindako neurketaren arabera, ahobizi eta belarripresten dinamikan 10,4 puntu hazi da euskararen erabilera udaletxean eta udal zerbitzuetan. Urriaren azken astean egindako neurketan % 40,8 ziren euskarazko ahozko harremanak; Euskaraldian % 51,2ra igo zen kopuru hori; eta abenduan, apur bat mantendu zen, % 46,5 izan da azken neurketako euskarazko portzentajea.

Euskaraldiaren eragina aztertzeko, hiru neurketa egin ditugu udaletxean eta udal zerbitzuetan: lehenengoa, urriaren 23 eta 24an; bigarrena, Euskaraldiaren barruan, azaroaren 27 eta 28an; eta hirugarrena, abenduaren 18 eta 19an. Guztira, 2.688 hartuemanetako hizkuntza neurtu da.

Udalera eta udal zerbitzuetara datozenean, emakumeek gizonek baino euskara gehiago -ia 10 puntu gehiago- erabiltzen dute gure neurketen arabera. Bi generoetan igarri da Euskaraldiaren eragina; gizonezkoen artean gehixeago.

Adinari dagokionez, gazteenak dira euskara gehien erabili dutenak; 18 eta 40 urte arteko 10 herritarretik 6k euskaraz egiten du udalera jotzen duenean. Grafikoan ikus daitekeenez, adin-tarte guztietan igarri da Euskaraldiaren eragina, eta abenduaren 18 eta 19an egindako neurketan euskararen igoera apur bat mantendu da.

Adina eta generoa kontuan hartuta, itxura honetako grafikoa sortu dugu (datuak ehunekoak barik elkarrizketa kopuruak dira oraingoan):

Departamenduei dagokienez, euskara gehien entzun den lekuak Pinondo Etxea, Landakoko sotoak, Andragunea eta Museoa izan dira (% 60 eta % 70 arteko datuak dituzte); euskara gutxien, berriz, Udaltzaingoan, ekonomia alorrean eta Bulego Teknikoan entzun da (% 30 inguruan daude datuak). Departamendu bakoitzeko datuak ondo aztertu eta txostetxo bana bidaliko dizuegu urtarrilean zehar.

Oro har, datu onak direla esan daiteke, eta horrela jarrraitzera animatzen zaituztegu! Euskaraldiaren bidetik, euskaraz egitea erraztera joko dugu administrazioan ere!

Euskararen erabileraz gain, beste datu interesgarri batzuk ere jaso ditugu neurketetatik. Neurketa egunetan udalera hurreratutako herrritarren % 58,9 emakumea izan da, eta % 41,07, berriz, gizona. Adinari dagokionez, erdia baino gehiago (% 52,7) 40 eta 60 urte bitartekoa izan da; % 30, 14 eta 60 urte bitartekoa; eta % 17,3, berriz, 60 urtetik gorakoa.

 

Gaurtik aurrera, hamaika egunez (eta gehiago) ahobizi eta belarriprest!

Heldu zaigu Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa kolektiboa. Gaurtik abenduaren 3ra ahobizi eta belarriprest txaparekin ibiliko gara Euskal Herri osoan 196.000 pertsona inguru. Ez da erronka makala, aurrera!

Durangoko datu zehatzak ez dauzkagu oraindik. Jende askok azken astean eman du izena, eta datu basea elikatzen ari dira oraindik Euskaraldiko kideak (arazo teknikoak daude, jende asko dabilelako datuak sartzen). Anbotok Durangaldeko argazkia egin du gaur, asteazkeneko datuekin. Laster emango dugu horren berri eta Euskaraldiko porra nork irabazi duen esango dizuegu! Izen-ematea oraindik azaroaren 27ra arte egin ahalko da https://izenematea.euskaraldia.eus/ webgunean.

Hemen duzue Berriak gaur argitaratu duen artikulu interesgarria, Euskaraldiko datu eta xehetasun guztiekin.

Udal langileok ere prest gaude ahobizi eta belarriprest izateko. Gogoratu datorren astearte eta asteazkenean herritarrekin ditugun elkarrizketak neurtuko ditugula, Euskaraldiaren eragina ikusteko. Horrez gain, proposamen bat daukagu zuentzat: egunotan Euskaraldia tartean dela lanean bizi dituzuen bizipenak apuntatzea eta besteoi kontatzea. trebatzailea@udala.eus-era bidaliz gero, email baten batuko ditut denoi bidaltzeko.

Hemen dituzue asteon udaletxean eta Landako kiroldegian ateratako argazkiak. Euskaraldi on, guztioi!

Korrikaren hasiera eta Durangorako planak

Urtza Errazti, atzo, Korrikako lekukoa hartzen lehena, Otxandion.

Badabil Korrika; badabiltza, tipi-tapa gelditu barik. 20. Korrikak bere bidea hasi zuen atzo Otxandion. Datorren asteko igandean, apirilaren 9an helduko da Iruñera, eta Durangotik, dakizuen bezala, astebete barru, apirilaren 7an pasako da.

Udaleko langileon kilometroan lekukoa nork eroango duen erabakitzeko bozketa egin dugu asteon, eta 44 pertsonen botoak jaso ditugu! Puntu gehien hiru lankide hauek jaso dituzte: Maite Euba, Nagore Uribe-Etxeberria eta Esteban Urain! Zuek hirurok izango duzue, beraz, Korrikako lekukoa eroateko ohorea. Zorionak!!

18:45 aldera sartuko da Korrika Durangora, eta ordubete lehenago, 17:45ean familia argazkia aterako dute Andra Marian. Udaletxean elkartu eta batera joan gaitezke Andra Mariara, eta gure kilometrorantza, Sasikoa kalera. Badator!!

DURANGOKO EGITARAUA – apirilak 7, ostirala

17:45 – Familia argazkia Andra Marian
18:45 – Korrika badator
19:30 – Triki-batukada potoea Andra Mariatik hasita
21:30 – Korrika afaria Plateruenan. Nagusiek 15 euro, umeek 6. Txartelak salgai daude Plateruenan eta Abarrak euskaltegian.
23:00 – Korrika Jaia, Dj Bull

Babajan itzela Euskararen Eguna ospatzeko!

Aurten bigarren urtez, bazkari ederra egin dugu udal langileok Euskararen Egunaren aitzakian. Zapatuan, abenduaren 3an, da berez Euskararen Nazioarteko Eguna, baina guk pare bat egun arinago hasi ditugu ospakizunak!

Babajan ederra izan genuen Erretentxu soziedadean, Ivan eta Ekain sukaldarien eskutik. Eskerrik asko, bioi!! Kultura saileko Anderrek eta Estebanek postre gozoa ekarri zuten, eta Tonik berak egindako patxarana!

Hemen dituzue atzoko egunez ateratako argazki batzuk. Hau urteroko hitzordu bihurtzen dabil! Aupa zuek!

Eta badakizue; aurten, euskarak 366 egun!

Sei astez euskaraz aritzeko erronka hasi dute bigarren eta hirugarren pisuan

talde-lana

Martxan da Ostadarra lehiaketa! Bulego Teknikoan eta udaletxeko 3.pisuan erronka berezi bati ekingo diote gaur: sei astez, euskaraz berba egiteko izango dituzten aukera guztiak aprobetxatzen saiatuko dira.

Solairu bakoitzean hiru taldetan banatu dira langileak, eta egunerokotasunean ahalegin hori egiteaz gain, belarriak tente edukiko dituzte, aste amaieran beste taldeen jarduna baloratu beharko dutelako. Norbanakoen ahalegina ere sarituko dute, jakina baita beti eta guztientzat ez dela erraz-erraza izaten lanean euskaraz aritzea. ANIMO GUZTIOI, ETA ONDO PASA JOLASEAN!

Durangoko euskararen datu batzuk
Lehiaketa hasi aurretik motibazio saiotxo bat egin genuen, eta, bertan, Durangoko datu soziolinguistiko batzuk errepasatu genituen. Bloga datuok gogoratzeko leku aproposa da.

Eustatek argitaratu dituen azken datuen arabera, hauxe zen, 2011n, Durangoko euskararen ezagutzaren grafikoa:

Durangoko euskararen ezagutza1

Agian batzuri zalantza bat sortuko zitzaizuen: zeintzuk dira elebidun hartzaileak? Bada, euskaraz ondo moldatu ez arren, ulertzeko gai direla adierazi duten durangarrak dira. Honek, zera esan nahi du:

Durangoko euskararen ezagutza2

Euskaraz ulertuak izateko probabilitate nahiko handia dagoela Durangon!

Erabilerari dagozkion datuak, ordea, ez dira hain onak: 2011ko Eustaten ikerketan, durangarren % 31k adierazi zuen erabiltzen zuela euskara etxean.

Denon esku dago, pausoz pauso, konplexuak atzean utzita, eta bakoitzaren gaitasunak apurka hobetzen, erabileraren datuak igotzea. Administrazioan ez da beti erraza izaten, baina bakoitzak bete ahal dituen helburuak jarrita, bagoaz aurrera bidean!