Etiketa honen artxiboa: durango

Korrikako errifa eta gure lekukoa. Nork eroango du?

Kaixo, guztioi!

Agertu da Korrikako errifaren irabazlea! Udaltzaingoko Imanolek lortu du saria, 122 zenbakiarekin. Zorionak, Imanol!!

Eta, berriro ere, eskerrik asko errifak saltzen eta erosten parte hartu duzuen guztioi!!

Orain apirilaren 7ari begira jarri behar gara: nortzuk egongo gara gure kilometroan arineketan egiteko? Oraindik izena eman ez baduzu, bidali mezua trebatzailea@durango.eus-era. Martxoaren azken astean “hauteskundeak” egingo ditugu, udaleko langileen lekukoa nork eroango duen erabakitzeko!

Gogoratu, apirilaren 7an, 19:00ak bueltan helduko da Korrika Durangora. Laster izango dugu ibilbidearen berri!

‘Eguna’ euskarazko lehen egunkariak, 80 urte

1937ko urtarrilean, Espainiako Gerra Zibila bete-betean zela jaio zen Eguna egunkaria, euskarazko lehen egunkaria. EAJ izan zen sustatzaile nagusia, eta sei hilabetez iraun zuen Egunak. Gerra baten jaiotako egunkaria izanik, gertatzen ari zenaren berri emateaz gain, egunkariaren helburua soldaduei animoak ematea ere bazen.

Irudi honetan Durangoko bonbardaketaren kronika duzue. Hain justu, Augustin Zubikarai kazetaria Durangon izan zen egun horretan, eta bertan bizitakoak kontatzen ditu kronikan, sentsazionalismo puntu batekin.

Egunaren aleak digitalizatuta daude, eta lotura honetan dituzue kontsultagai.

Zelan eragin euskara erabil dadin?

Galdera horri erantzun guran egindako bideoa duzue hauxe. Urrats eta keinu txikiekin euskararen erabilera bultzatu daitekeela erakutsi gura izan dute Berbaro elkartetik jaiotako Itzartu gazte taldekoek.

Itzartu gazte taldea Euskararen Ginkana lehiaketan parte hartzen dabil, eta ginkana horretako proba baten aitzakian sortutako bideoa da hau.

Durangoko Azoka, Korrika, Euskararen Eguna…

Euskararekin lotutako albiste ugari jaso ditugu azken egunotan:

Asteon egin dute 20.Korrikaren aurkezpena, eta Durangaldean bertan hasiko da, gainera, martxoaren 30ean; Otxandion egingo ditu lehen kilometroak Korrikak, BATZUK lemapean. Hamar egunetan Euskal Herria zeharkatu eta Iruñean izango da amaiera jaia, apirilaren 9an. Hona hemen Korrika iragartzeko egin duten bideoa:

Durangoko Udaletik ere egingo ditugu metro batzuk, ezta? Gogoratzen duzue duela bi urteko abentura? Hemen dituzue orduko argazkiak.

Durangoko Azoka ere laster etorriko da gurera. Herriko liburu-dendak hasi dira igartzen; idazle eta musikari askok azaroan kaleratzen dituzte euren lanak, eta egunotan nobedade piloa heldu dira liburu-dendetara. 51.aldia izango du Durangoko Azokak, eta abenduaren 2tik 6ra izango ditu ateak zabalik. Hona hemen azoka iragartzeko asteon kaleratu duten spota:

Euskararen Eguna ere laster izango dugu, abenduaren 3an. Aurten ere, egun horren bueltan bazkaritxo bat antolatzeko asmoa dugu. Laster zehaztuko dugu eguna eta lekua, beraz, adi egon!

Ospakizun eta jardueraz beteta dator urte amaiera. On egin, eta ahal duzuenero, astindu mihia euskaraz!

Durangoko dendetan erabiltzen den hizkuntza aztertzen dabiltza

ITG euskara taldea ikerketa egiten dabil Durangon, bertako komertzioetan zein hizkuntza ohitura dauden ezagutzeko. Horretarako galdetegi bat prestatu dute, eta kale-inkestak egiten dabiltza. Gainera, galdetegia internet bidez erantzuteko aukera ere badago.

Dendetako harremanen inguruko lanketa egiten dabil azkenaldian ITG,  ‘Salerosketak be, euskeraz’ kanpainarekin. Hilero iPad-ak zozkatzen dituzte erosketak euskaraz egiten dituzten herritarren artean.

'Salerosketak euskaraz' kanpaina bultzatzen du ITGk (Argazkia: anboto.org)

(Argazkia: anboto.org)

Eragile moreak, domekako Ibilaldiko nobedadeetako bat

Urte osoko lanketaren ostean, domeka honetan izango da Ibilaldia Durangon, ‘Dagigun’ lelopean. Egun osoan zehar, Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolen inguruko herritar ugari ibiliko da boluntario lanetan, eta tartean, peto morea soinean izango duten pertsonak: eragile moreak. Ikastolen jaietan sortu berria den figura da eragile moreena. Pasa den astean 120 pertsonek jaso zuten formazioa, eta euren eginkizuna zaintza egitea da, eraso sexistak ekidin ahal izateko.

Ibilaldiko parekidetasun taldea. (Argazkia: Anboto.org)

Ibilaldiko parekidetasun taldea. (Argazkia: Anboto.org)

Nagore Uribe-Etxebarria Andraguneko lankide eta ikastolako gurasoak azaldu duenez, “prebentzio lanaz gain, erasoen kontrako jarrera erakustea” ere izango da eragile moreen funtzioa. Parekidetasuna lantzeko Ibilaldiko lan-taldeko kidea da Nagore, eta azaldu du pozik daudela ideiak izan duen harrerarekin. Formazioa jaso duten 120 pertsonek edozein motatako indarkeria sexistei aurre egiteko jarrera aktiboa izango dute. Gune bakoitzean arduradun bat egongo da, eta berau izango da beste eragile guztien erreferente. Bestalde, egun osoan hiru ordutako txandak egingo dituzte hainbat eragile morek. Horien inplikazioa gainontzeko eragile moreena baino handiagoa behar du izan; begirada zorroztuta eta belarriak erne izatea da horien egitekoa; izan ere, eraso posibleen aurrean esku hartuko dutenak dira. Gainontzeko eragile moreek zeharkako lana egingo dute; bokata jaten, kontzertua entzuten, puzgarrietan umeak zaintzen edo ibilbidetik zehar daudela ere.

Ibilaldiko esperientziaren ostean, beste ikastolen jaietara ere zabaldu gura dute eragile moreen jarduna. Informazio gehiago Ibilaldiko webgunean duzue.

P.D.: Ibilaldiko koordinazio lanetan udaletxeko hainbat langile zabiltzate, eta honako hauek egun lanpetuak dira zuentzako. Animo denoi!

Hika praktikatzeko gunea sortuko dute Durangon

Hika guneaHika berba egiten badakizue? Ikasi gurako zenukete? Bada, hikaren bueltan, Durangoko GUKA euskaltzaleen bilguneak -AEK, Berbaro taldea, Euskal Herrian Euskaraz eta Ibaizabal ikastola- hitzordua prestatu du  maiatzaren 5erako. Helburua tertulia giroan bertoko hikan aritzeko gune bat sortzea izango da.

Datorren ostegunean, Plateruena Kafe Antzokian izango da plana. 19:30 aldera elkartu eta Durango eta inguruko hikari astindu bat ematen hasteko deialdia egin dute.

Ikasi gura dutenak eta dagoeneko badakitenak daude gonbidatuta. Beraz, animatu!

Sei astez euskaraz aritzeko erronka hasi dute bigarren eta hirugarren pisuan

talde-lana

Martxan da Ostadarra lehiaketa! Bulego Teknikoan eta udaletxeko 3.pisuan erronka berezi bati ekingo diote gaur: sei astez, euskaraz berba egiteko izango dituzten aukera guztiak aprobetxatzen saiatuko dira.

Solairu bakoitzean hiru taldetan banatu dira langileak, eta egunerokotasunean ahalegin hori egiteaz gain, belarriak tente edukiko dituzte, aste amaieran beste taldeen jarduna baloratu beharko dutelako. Norbanakoen ahalegina ere sarituko dute, jakina baita beti eta guztientzat ez dela erraz-erraza izaten lanean euskaraz aritzea. ANIMO GUZTIOI, ETA ONDO PASA JOLASEAN!

Durangoko euskararen datu batzuk
Lehiaketa hasi aurretik motibazio saiotxo bat egin genuen, eta, bertan, Durangoko datu soziolinguistiko batzuk errepasatu genituen. Bloga datuok gogoratzeko leku aproposa da.

Eustatek argitaratu dituen azken datuen arabera, hauxe zen, 2011n, Durangoko euskararen ezagutzaren grafikoa:

Durangoko euskararen ezagutza1

Agian batzuri zalantza bat sortuko zitzaizuen: zeintzuk dira elebidun hartzaileak? Bada, euskaraz ondo moldatu ez arren, ulertzeko gai direla adierazi duten durangarrak dira. Honek, zera esan nahi du:

Durangoko euskararen ezagutza2

Euskaraz ulertuak izateko probabilitate nahiko handia dagoela Durangon!

Erabilerari dagozkion datuak, ordea, ez dira hain onak: 2011ko Eustaten ikerketan, durangarren % 31k adierazi zuen erabiltzen zuela euskara etxean.

Denon esku dago, pausoz pauso, konplexuak atzean utzita, eta bakoitzaren gaitasunak apurka hobetzen, erabileraren datuak igotzea. Administrazioan ez da beti erraza izaten, baina bakoitzak bete ahal dituen helburuak jarrita, bagoaz aurrera bidean!