Etiketa honen artxiboa: durango

Bertsoak eta herri bazkaria, besteak beste, Durangon 21.Korrikari harrera egiteko

Apirilaren 13an, amaitu bezperan, helduko da Korrika Durangora, arratsaldeko 18:55ean. Egun horretarako egun osoko egitaraua prestatu du korrika batzordeak, bazkaria ere tartean, eta txartelak salgai daude! Aurretik ere Korrikaren inguruan herria girotzeko ekitaldiak izango ditugu:

  • APIRILAK 11, OSTEGUNA

19:00etan, Bertso Korrika Plateruenan: Onintza Enbeita, Manu Goiogana, Aitor Bizkarra eta Gorka Pagonabarraga. Gai-jartzailea: Leire Vargas.

  • APIRILAK 12, OSTIRALA

Goizean, Korrika Txikia Durangoko kaleetatik: Jesuitetan hasiko da, eta ikastetxez ikastetxe joan eta gero, Kurutziaga ikastolan amaituko da.

  • APIRILAK 13, LARUNBATA

12:00etan, triki poteoa, Andra Marian hasita.

14:30ean, Korrika Bazkaria Plateruenan. Tiketak salgai daude AEK-ko Abarrak euskaltegian. (Nagusien menua 15 € eta umeena 6€), Bazkalostean, jolasak eta euskal kanten bingoa.

18:55ean, KORRIKA!

 

Durangarren Euskaraldiko bizipenak batu dituzte bideo baten

Durangoko Euskaraldiko herri batzordeak bideo bat eratu du herriko ahobiziek eta belarriprestek hamaika egunetako erronka zelan bizi zuten batzeko. Hementxe duzue bideoa! Tartean udaleko langile bat ere ikusiko duzue, nor ote da?

Igaro ziren lehen euskaraldiko hamaika egunak, baina, aurretik esaten genuen bezala, entrenamendu hark lagundu gaitzala egunerokotasunean euskaraz errazago egiten eta entzuten! Urte berri on eta asmo berri on guztioi!

Durangarren bizipenak eta kontzertuak, Euskaraldiaren amaiera ekitaldian

Ostiral honetan, abenduak 14, jaialdi berezia izango da Plateruena Kafe Antzokian, Durangoko Euskaraldiko batzordeak antolatuta.

20:00etan hasita, lehenengo, Euskaraldiak Durangon izan dituen ondorioak aurkeztuko dituzte, eta tartean, durangarren bizipenekin egindako bideoa proiektatuko dute. Euskaraldiaren balorazioa egin eta gero, luntxa izango da kafe antzokian, eta gaueko 22:00etatik aurrera, kontzertuak: Zea Mays eta Gora Etorri taldeak ariko dira Plateruenan.

Gaurtik aurrera, hamaika egunez (eta gehiago) ahobizi eta belarriprest!

Heldu zaigu Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa kolektiboa. Gaurtik abenduaren 3ra ahobizi eta belarriprest txaparekin ibiliko gara Euskal Herri osoan 196.000 pertsona inguru. Ez da erronka makala, aurrera!

Durangoko datu zehatzak ez dauzkagu oraindik. Jende askok azken astean eman du izena, eta datu basea elikatzen ari dira oraindik Euskaraldiko kideak (arazo teknikoak daude, jende asko dabilelako datuak sartzen). Anbotok Durangaldeko argazkia egin du gaur, asteazkeneko datuekin. Laster emango dugu horren berri eta Euskaraldiko porra nork irabazi duen esango dizuegu! Izen-ematea oraindik azaroaren 27ra arte egin ahalko da https://izenematea.euskaraldia.eus/ webgunean.

Hemen duzue Berriak gaur argitaratu duen artikulu interesgarria, Euskaraldiko datu eta xehetasun guztiekin.

Udal langileok ere prest gaude ahobizi eta belarriprest izateko. Gogoratu datorren astearte eta asteazkenean herritarrekin ditugun elkarrizketak neurtuko ditugula, Euskaraldiaren eragina ikusteko. Horrez gain, proposamen bat daukagu zuentzat: egunotan Euskaraldia tartean dela lanean bizi dituzuen bizipenak apuntatzea eta besteoi kontatzea. trebatzailea@udala.eus-era bidaliz gero, email baten batuko ditut denoi bidaltzeko.

Hemen dituzue asteon udaletxean eta Landako kiroldegian ateratako argazkiak. Euskaraldi on, guztioi!

Astebete barru hasiko da Euskaraldia! Dena prest?

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu. Dena prest? Eman duzue izena? Zalantzarik bai?

Gogoratu ahobizi edo belarriprest txapa jasotzeko izena eman behar dela https://izenematea.euskaraldia.eus/ atarian. Azken egunotan asko hazi da izen-emate kopurua, eta Durangon dagoeneko 2.000 lagun inguruk eman dute izena! Ziur gehiago izango garela!

Gogoratu rolak!

Ahobiziek lehen hitza euskaraz egingo dute eta ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko ariketa izango da eurena.

Belarriprestek euskara ulertzen dute eta euskaraz hitz egitera gonbidatuko dituzte ingurukoak. Egoeraren arabera, eurek euskaraz edo erdaraz erantzun ahalko dute.

Hementxe Euskaraldirako aholku batzuk!

Oharra: Durangon txapa hartu behar duzuenontzat, hauxe da ordutegia:

Hasi da Euskaraldian izena emateko epea

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ’11 egun euskaraz’ ekimena gero eta gertuago dago. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da Euskaraldia, eta bertan parte hartzeko izen-ematea atzo hasi zen. Euskal Herriko 400 herri baino gehiagok eman du izena, tartean, baita Durangok ere.

Durangoko Euskaraldiko batzordeko kideak, asteon ateratako argazkian.

‘Ahobizi’ edo ‘belarriprest’ rola aukeratu, eta euskaraz berba egiteko aukerak biderkatzea izango dugu erronka. Parte hartzeko prest zaudete? Durangoko Udalak ere egin du bat Euskaraldiarekin, eta hemendik eta azaroaren 23ra gurean ekimena zelan landuko dugun adostuko dugu. Laster izango duzue berri gehiago!

 

Zelan pasatu dute uda Durangora hurreratu diren turistek?

Sartu gara irailean, eta astiro-astiro lana zelan egiten genuen gogoratzen gabiltza. Ai, ze ondo egoten den terrazatxoetako gerizpetan! Batzuek beste batzuek baino opor egun gehiago izango zenituzten, eta denetariko lekuak bisitatuko zenituzten. Animo bada, orain!

Durangoko Udalean badira langile batzuk udan jo ta fuego ibiltzen direnak: Turismo Bulegokoak, zelan ez! Uda zelan joan zaien galdetu diegu, eta Durangora hurreratu diren turistekin zelan ibili diren ere bai. Galderatxo batzuk bidali dizkiegu, eta Miriamek bidalitako erantzunak dituzue hemen. Eskerrik asko, Miriam!!

Zelan joan da uda? Lan asko izan duzue?
Udan oso ondo ibili gara, eta lana izan dugu, bai. Udako hilabeteak politenak izaten dira jendaurreko arretari dagokionez, Durango ezagutzen ez duen jende asko hartzen dugu eta.

Aurreko urteetan baino jende gehiago etorri da Durangora?
Aurten orokorrean baino bisitari gutxixeago izan dugu. Zerbitzuen (audiogida, bisitak, alojamendu erreserbak…) eta kontsulten artean bereizten dugu, eta aurten kontsulta gehiago izan ditugu bulegoan, baina zerbitzu gutxiago kudeatu dugu.

Urrunetik etortzen dira turistak? ala nondik gehienbat?
Estatukoak Bartzelona, Madril, Valentzia eta Sevillatik etorri dira gehienbat; eta atzerritik, Frantziatik, alde handiarekin. Exotikoenak: Txina, Australia, Japonia, Israel, Georgia, Filipinak…

Zer ikusi gura dute Durangon?
Askok barrualdeko herri lasaiak dituzte gustuko, kostaldean beti jende gehiago dabil eta. Paisaia eta naturaren bila ere badatoz, oinezko ibilbideak egitera; eta ondareari dagokionez, batzuek Kurutziagako gurutzea eta Andra Mariako Basilikaren berri jaso dute eta horiek ikustera datoz. Orokorrean, Durango ezagutzen ez dutenak harritu egiten dira daukan ondarea eta historia ezagutu ostean, eta oso gustura ibiltzen dira.

Anekdotarik edo galdera bitxirik baduzu gogoan?
Duela egun gutxi astoz bidaitzen zuen bisitari frantsez bat etorri zen Durangora. Albistea hemen.

Euskaraldia dator: Euskal Herri osoan hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoa

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu milaka herritarrek 2018ko udazkenean. Euskaraldian 11 egunez euskaraz berba egiteko eta entzuteko aukerak aprobetxatzeko deia egingo da. Euskal Herri osoko 340 herri hasi dira ekimena antolatzen, tartean, Durangaldeko herri guztiak. Asteon egin da eskualdeko aurkezpena prentsara begira.

Baina zer ote da Euskaraldia? Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topaguneak egindako hitzarmen batetik jaio den ariketa soziala da. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hamaika egunez, euskaraz bizitzeko aukerak handitzea da helburua.

Bi rol egongo dira, txapa bidez identifikatuta:

  • AHOBIZI: Euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz berba egiteko konpromisoa hartuko dute, eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egingo diote.
  • BELARRIPREST: Euskaraz ulertzen duten pertsonak dira, eta gainerakoei euskaraz aritzeko gonbidapena egingo diete. Euskaraz edo gaztelaniaz erantzungo dute, gaitasunaren arabera.

Amankomunazgoak argitaratu duen bideo honetan argi azaltzen dira bi rol horien funtzioak:

Ahoak eta belarriak aktibatzea da, beraz, kontua. Baina lanketa handia duen zerbait da hau: herritarrei Euskaraldiak zer dakarren azaltzeko batzordeak sortu dira herriz herri, eta Durangon ere hasi du bere bidea lantalde batek. Udaleko langileok ere animatuko gara hizkuntza ohiturak aldatzera? Aurrerago ere izango dugu gai honi buruz berba egiteko aukera!

Bost urtean lau puntu hazi da Durangoko euskaldunen kopurua

Eustatek emandako datuak dira. 2011n durangarren % 49 zen euskaraz ulertzeko eta berba egiteko gai; eta 2016an, berriz, %53. Datuon arabera, “ia euskaldunen” multzoan egon da aldaketarik nabarmenena (%27tik %20ra jaitsi da). Talde honetan sartu ohi dira euskaraz zerbait ulertu bai, baina berba egiteko gai ez direnak, ikasten dabiltzanak, etab. Badirudi 2011n multzo horretan sentitzen ziren herritarren zati bat euskaldundu egin dela, eta beste zati batek erdaldunen taldean kokatu duela bere burua. Atzerritarren etorrerak ere eragin ahal izan ditu aldaketa horiek.

Dena dela, euskaldunen kopurua gorantz doa apurka-apurka, eta horren adierazle dira azken 15 urteetako datuak:

Kalean neurtutako elkarrizketetatik %22,7 izan dira euskaraz

Datu interesgarriak eman zituzten atzo Durangoko hizkuntza-erabileraren kale-neurketaren aurkezpenean.  Soziolingustika Klusterrak egindako azterketaren arabera, kalean entzundako elkarrizketetatik %22,7 euskaraz izan dira, eta %75,4 gaztelaniaz. Beste hizkuntza batzuetan erabilera % 1,9koa izan da. Kontuan izan behar da Durangoko biztanleen % 49 dela euskalduna, % 27 ia euskalduna eta %24 erdaldun elebakarra.

Adin-tarteka, umeak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (% 37,8). Euskara gutxien erabiltzen dutenak, berriz, adinekoak dira (% 14,5). Gazteen erabilera  % 25,2koa izan da eta helduena  % 18,8koa.

Auzoka berriz, Alde Zaharrean (% 29,6) entzun dute euskara gehien; ondoren Ezkurdi–Madalena eremua kokatzen da (% 17,8) eta azkenik, Ibaizabal–Landako eremuan entzun dute euskara gutxien (% 14,1).

Ikerketak hizkuntza ohituren inguruko beste datu esanguratsu bat azaleratu du. Umeek eta helduek osatutako taldeetan entzun da euskara gehien:  % 42,2. Baina, hala ere, umeak bakarrik (nagusirik barik) daudenean % 19,7koa da euskarazko erabilera; eta, aldiz, nagusiak euren artean (umerik barik) ari direnean, % 14,3tan darabilte euskara.

Beheko taulan duzue datu nagusien laburpena, eta gehiago sakondu gura baduzue, aurkezpenerako erabili duten txostena sarean dago, lotura honetan.