Etiketa honen artxiboa: babajana

Kanpoan hotz eta barruak bero babajaneko goxotasunean!

Barikuan bazkari goxo-goxoa izan genuen Erretentxu soziedadean. Euskararen Egunaren aitzakian, koadrilatxoa batu ginen babajanaren bueltan, eta bazkari eder askoa prestatu zigun Ivanek. Eskerrik asko!!

Datorren urtean gehiago… Tradizioa bihurtzen ari da, eta abenduaren 3aren bueltako barikuan bazkaltzeko ohitura eder hori mantentzekotan gara!

Hemen dituzue babajaneko argazki batzuk:

Euskararen aldarria egun baten ozenago entzuten bada ere urte osokoa denez, pausoz pauso guk ere administrazioan aurrera egingo dugu!

Amaitzeko, larunbat honetan Oihana Iguaran bertsolariak txapelketan kantatutako agur ederra uzten dizuet. Lotura honetan duzue bideoa, eta hemen, azpian, transkripzioa.

Mendez mende
ezpainetik ezpainera
pasa den horren lekuko,
hemen guztiok gera.
Hizkuntza pasa,
debekatuz eten ziguten arnasa,
baina hau da gure borroka
eta gure jolasa,
hor gaurko plaza

Irautea ez da dena
ospa dezagun garena

Euskara gara gu
ta kantuz dakargu
ez zedin kondaira hartan galdu

Bardoen lekua
bertsoak lehertua
festa hau da gure mendekua

Irautea ez da dena
ospa dezagun garena

Badator Euskararen Eguneko babajana! Abenduaren 1ean. Bazatoz?

Aurten hirugarren urtez, Euskararen Eguna bazkari baten bueltan ospatzeko asmoa dugu!

Iaz babajan ederra prestatu ziguten Ivanek eta Ekainek Erretentxu soziedadean, eta, aurten ere, txoko horretan elkartuko gara, babajanean. Eskerrik asko, Ivan, aurten ere soziedadeko ateak zabaltzeagatik!

Abenduaren 3a, Euskararen Eguna, igandea denez, ostiralean egingo dugu bazkaria, abenduaren 1ean. Zer diozu, animatzen zara?

Izena emateko, idatzi emaila trebatzailea@durango.eus helbidera, azaroaren 27a baino lehen.

Eta azken ohartxo bat: begetarianoa bazara, lasai! Abisatu, eta babak eta “sakramentuak” aparte prestatuko ditugu, zeuk ere gozatu ahal izateko!

Babajan itzela Euskararen Eguna ospatzeko!

Aurten bigarren urtez, bazkari ederra egin dugu udal langileok Euskararen Egunaren aitzakian. Zapatuan, abenduaren 3an, da berez Euskararen Nazioarteko Eguna, baina guk pare bat egun arinago hasi ditugu ospakizunak!

Babajan ederra izan genuen Erretentxu soziedadean, Ivan eta Ekain sukaldarien eskutik. Eskerrik asko, bioi!! Kultura saileko Anderrek eta Estebanek postre gozoa ekarri zuten, eta Tonik berak egindako patxarana!

Hemen dituzue atzoko egunez ateratako argazki batzuk. Hau urteroko hitzordu bihurtzen dabil! Aupa zuek!

Eta badakizue; aurten, euskarak 366 egun!

Abenduaren 1ean, babajana!

babajana-iragarpena-blogean

Kaixo, guztioi!

Laster dator abenduaren 3a, Euskararen Eguna. Egun hori ospatzeko, aurten ere bazkaria antolatzea pentsatu dugu. Euskararen Eguna zapatua denez, eta tartean zubia ere badagoenez, bazkaria abenduaren 1ean egitea pentsatu dugu, osteguna.

Iazko moduan, Erretentxu txokoan izango da bazkaria, eta menua: babajana! Ivanek esan digu baba gozo-gozoak prestatzen dituela… probatu beharko ditugu! Etxeko postre goxoak eramatea pentsatu dugu; proposamenen bat badaukazue, beso-zabalik hartuko dugu. Osteguna izanda, gura duenak pintxo potean luzatu ahalko du arratsaldea!

Bazkarian izena emateko, idatzi nire emailera (trebatzailea@durango.eus) azaroaren 24a baino lehen. Animatu, une goxoa pasako ditugu eta!