Etiketa honen artxiboa: ahobizi

Euskaraldia dator: Euskal Herri osoan hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoa

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu milaka herritarrek 2018ko udazkenean. Euskaraldian 11 egunez euskaraz berba egiteko eta entzuteko aukerak aprobetxatzeko deia egingo da. Euskal Herri osoko 340 herri hasi dira ekimena antolatzen, tartean, Durangaldeko herri guztiak. Asteon egin da eskualdeko aurkezpena prentsara begira.

Baina zer ote da Euskaraldia? Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topaguneak egindako hitzarmen batetik jaio den ariketa soziala da. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hamaika egunez, euskaraz bizitzeko aukerak handitzea da helburua.

Bi rol egongo dira, txapa bidez identifikatuta:

  • AHOBIZI: Euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz berba egiteko konpromisoa hartuko dute, eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egingo diote.
  • BELARRIPREST: Euskaraz ulertzen duten pertsonak dira, eta gainerakoei euskaraz aritzeko gonbidapena egingo diete. Euskaraz edo gaztelaniaz erantzungo dute, gaitasunaren arabera.

Amankomunazgoak argitaratu duen bideo honetan argi azaltzen dira bi rol horien funtzioak:

Ahoak eta belarriak aktibatzea da, beraz, kontua. Baina lanketa handia duen zerbait da hau: herritarrei Euskaraldiak zer dakarren azaltzeko batzordeak sortu dira herriz herri, eta Durangon ere hasi du bere bidea lantalde batek. Udaleko langileok ere animatuko gara hizkuntza ohiturak aldatzera? Aurrerago ere izango dugu gai honi buruz berba egiteko aukera!

Euskal Herri osora zabalduko da euskararen erabileran eragiteko egitasmoa

Atzo aurkeztu zuten jendaurrean Euskaraldia ekimena.

Hizkuntza ohiturei buelta bat emateko egitasmoa jarriko da abian 2018an. Azken bi urteotan hainbat herritan egin dituzten erronken bidea jarraituz, Euskal Herri osora zabalduko da ’11 egun euskaraz’ ekimena. 2018 osoan hizkuntza aktibazioaren inguruko formazioan eta girotzean lan egin ostean, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskaraz bizitzeko erronka planteatuko da. Horretarako jarrera eta konpromiso zehatzak izango dituzten figura bi egongo dira herritarren artean: AHOBIZI-ak eta BELARRIPREST-ak.

Erronkarekin bat egin gura duten herritarrek Ahobizi edo Belarriprest izatea aukeratuko dute, eta hamaika egunez, figura horien txapa eroango dute soinean, besteekiko harremanetan denek jakin dezaten zer konpromiso hartu duten.

Durangon ere bai!
Durangon ere martxan jarriko da egitasmoa, eta abenduaren 1ean egingo da aurkezpena, Andra Mariako elizpean, 19:30ean. Karrika antzerki taldekoen laguntzarekin, umorea lagun azalduko dute zer den Euskaraldia.

Zer diozue, udal langileak animatuko gara?

 

“Euskararen armariotik” irtengo dira igorretarrak, gaurtik abenduaren 3ra bitartean

Baietz 23 egun euskaraz erronka hasiko dute gaur Igorreko herritarrek. Abenduaren 3ra -Euskararen Eguna- bitartean, euskaraz berba egiteko dituzten aukera guztiak aprobetxatzeko ekimena izango da. Hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz antolatutako egitasmoa da.

Txapekin identifikatutako hiru figura sortu dituzte:

  • Ahobizi: Euskarazko jokaera aktiboa hartuko duten herritarrak. Euskaraz egingo diete ulertzen dutenei.
  • Belarriprest: Dakienari euskaraz berba egiteko gonbitea egingo diote, nahiz eta eurek erderaz erantzun.
  • Barrebizi: Euskeraz jakin ez arren eta ulertu ez arren, euskararekiko jarrera positiboa erakutsiko dute. Pozik daude inguruan euskaraz entzuten dutenean.

Hemen duzue ekimena aurkezteko egin duten bideoetako bat:

Informazio gehiago, hemen.

Berba egiteko gogoz dauden ahoak, eta entzuteko prest dauden belarriak

Lasarte-Orian Euskararen Maratoia egingo dute laster, 40 egunez euskaraz bizitzeko erronka. Bertako herritar guztiek, ordea, ez dakite euskaraz berba egiten. Beraz, zelan egin bidea? Bi figura sortu dituzte: Ahobizi eta Belarriprest. Ahobiziek aukera duten guztietan euskaraz berba egiteko erronka hartu dute. Belarriprestak, berriz, euskara ulertzen duten pertsonak dira, nahiz eta hitz egiten guztiz ondo moldatu ez. Horiek euskara entzuteko prest egongo dira, konplexu barik, elkarrizketan hizkuntzaz aldatzeko beharra edukitzen badute ere.

Ttakun kultur elkartearen egitasmoa da, eta bideoan ekimenaren berri eman dute adibide praktikoekin.