Etiketa honen artxiboa: administrazioko hizkera

Ulergarritasunari buruzko apunteak (5 minutuko ikastaroa)

Pasa den astean ‘Nola idatzi testu ulergarriak administrazioan’ ikastaroan izan nintzen, eta zuekin konpartitu nahi ditut bertan entzundako kontu batzuk.

• ULERGARRITASUNAZ, KONTUAN EDUKI:

– Testu ulergarria lehen irakurraldian ulertzen den testua da
– Geuk aukeratzen dugu zenbat jendek ulertuko digun
– Normalean euskaraz dena laburrago esaten dugu
– Gure helburua administrazioko hizkera herritarrengan hurbiltzea da

• HIZKUNTZA TEKNIKOARI BURUZ:

TERMINOLOGIA eta FRASEOLOGIA ez dira gauza bera.

TERMINOLOGIA = Gauzak zehatz izendatzeko erabiltzen dugun hiztegi teknikoa da. Adibidez: ez dira gauza bera “lapurreta/robo” eta “ebasketa/hurto”. Termino zehatzak erabiltzea ezinbestekoa izango da lanean.

FRASEOLOGIA = Gauzak esateko modu “erdi estandarizatua” da; sarritan, iluna. Hizkera formalaren izenean, “floritura” askoko esaldiak erabiltzen ditugu gaztelaniaz, eta euskarara ere estilo horrekin itzultzen ditugu.

*Adibidez: “Diru-laguntzak eman ahalko dira, eskaerak abenduaren 31 baino lehen aurkeztearen baldintzapean”. Erdarazko “con la condición de presentación” horrela itzuliko genuke? Errazagoa da:
– Diru-laguntzak jasotzeko, eskaera abenduaren 31 baino lehen egin beharko da
Berba gutxiagorekin eta modu zuzenago baten esan ahal badugu, herritarrek eskertuko digute. Bi hizkuntzetarako balio duelakoan nago: paragrafo potolo baten atzean dauden ideiak sinpleago esateko gai gara? Bada aurrera!

• ESTILOARI BURUZ, KONTUAN EDUKI:

1) Esaldi barruan elementuak zelan dauden antolatuta
2) Puntuazioa

1) Ordena: Gogoratu euskaraz aditza atzean uzteko joera daukagula, eta esaldi luzeetan horrek ulergarritasuna oztopatzen duela, aditzak informazio karga handia daukalako. Ez dugu konplexurik izan behar aditza aurreratzeko; esaldiak hobeto ulertzen dira askotan!
*Adibidez:
– Zirarmendieta kooperatiba bi eta hiru logelatako 28 etxebizitza dituen 1.faseko 3.atarirako bazkide bila hasi da.
Horrela hobeto ez?
– Zirarmendieta kooperatiba hasi da I. faseko 3. atariko etxebizitzetako bazkide bila. 28 etxebizitza daude atari horretan, bi eta hiru logelatakoak.

2) Puntuazioari dagokionez, kontu ugari esan daitezke, eta egingo dugu errepasotxoa datorren 5 minutuko ikastaroan. Soilik gogoratu ezazue ohar bat: moztu esaldiak beldurrik barik. Euskaraz, eta gaztelaniaz ere, errazagoa da bi lerroko esaldiak ulertzea, sei lerrokoak ulertzea baino.