Etiketa honen artxiboa: adierazpenak

Aktak idazteko aholku batzuk (5 minutuko ikastaroa)

 

  • ZEHARKAKO ESTILOA EDO ZUZENEKOA?

    Aukera bi dauzkagu:

1- Esandakoak lehen pertsonan idaztea. Adib:
Ane Agirre: Bulego Teknikoan galdetu dugu, eta eraikinaren egoera aztertu behar dela esan digute.

2- Zer esan den kontatzeko hirugarren pertsona erabiltzea. Adib:
Ane Agirre. Azaldu du Bulego Teknikoan galdetu dutela, eta erantzun dietela eraikinaren egoera aztertu behar dutela.

Askotan nahastu egiten ditugu bi estiloak, eta euretako bat aukeratzea komeni da, bestela, nahasgarria izan daiteke testua.

 

  • ADITZA: ‘Esan du’ ala ‘esaten du’?

    Hirugarren pertsonan idazten dugunean, adierazpen piloa idatzi behar izaten dugu aktetan. Zer forma erabili behar dugu?

Galdetzen du, erantzuten du, azaltzen du -> galdetu du, erantzun du, azaldu du

Marroiz markatutako aditzen –T(Z)EN horri orainaldi burutugabea formakoa da. Esan gura du ekintza hasita dagoela baina ez dela amaitu, edo maiztasun batekin gertatzen den zerbaiti buruz berba egiten gabiltzala. Adib: “Askotan joaten da Bilbora”, “bulegoa garbitzen dabil”, “musika eskolan egiten du lan”.

Horregatik, batzarreko interbentzioetarako egokiagoak dira ‘galdetu du’, ‘erantzun du’, ‘azaldu du’ eta ‘esan du’ modukoak.

 

  • JAKINARAZI / AZALDU / BERRI EMAN

Kontuan izan ‘jakinarazi’-k esaldi bat eskatzen duela alboan. Adib:
Ane Agirrek honako gai hauek jakinarazi ditu:

Kasu honetan, egokiagoa izango da ‘berri eman’ edo ‘azaldu’ idaztea:
Ane Agirrek honako gai hauen berri eman du:
Ane Agirrek honako gaiak azaldu ditu:

‘Jakinarazi’, esan bezala, esaldiarekin eta –ela atzizkiarekin erabiliko dugu gehienetan (esaldi konpletiboak):
Berandu etorriko dela jakinarazi du.
Gizarte langileek jakinarazi dute lan karga handia dutela.

Benetako zuzenketetatik II: Adierazpenak (5 minutuko ikastaroa)

Batzordeetako aktetan, adibidez, zinegotzien, teknikarien eta bestelako kideen adierazpenak jarri ohi ditugu. Horrelakoak idazterakoan, gogoratu ohartxo batzuk:

  • Adierazpenaren aditza aurreratuz gero, hobeto

Informazio garrantzitsua da! Nork esan/galdetu/kritikatu duen prozesatu, eta gero dator atzetik beste guztia

  • Aditzaren ostean, normalean komarik ez

Jakinarazi da, Michel Alisonek hitzaldi bat emango duela Durangon

Normalean pausatxo bat egiten dugu aditzaren ostean, baina berezkoa da pausaldi hori, eta ez dugu zertan komarik jarri behar.

  • Karguak zelan idatzi

 Izenaren ostean, kargua: koma artean eta kasu marka berarekin:

    1. Aitor Larruzea, Toki Agenda 21eko teknikariak, gai hau aurkeztu du… -> Aitor Larruzeak, Toki Agenda 21eko teknikariak
    2. Kargua kasu marka barik eta gero izen-abizenak: Toki Agenda 21eko teknikari Aitor Larruzeak gai hau aurkeztu du…

Sail eta departamenduei buruz idazten gabiltzanean, gogoratu –(A)REN marka barik –(E)KO erabili behar dela:

    •  Gizarte ekintzaren arloaren teknikariak azaldu du… -> Gizarte Ekintza arloko teknikariak azaldu du
    • Ikastetxearen guraso batzuek -> Ikastetxeko guraso batzuek

 

  • Azken aholkutxo bat

Hainbat pertsonen arteko eztabaidari buruz idazten gabiltzanean, pertsona bakoitzak esandakoaren ostean puntu eta aparte egitea gomendatzen dizuet.

Estilo zuzena ere erabili dezakezue. Adibidez:

Julian Rios: Bere garaian, Zinegotzi 22 deitu genion dokumentu-mozioa landu genuen ….

Dani Maeztu: Legealdia hasi zenean, herritarren partaidetzarako…

Horrelakoetan, hitzez hitzeko aipamenak txertatzean, bi puntuen ostean maiuskulaz hasten dira adierazpenak.