Etiketa honen artxiboa: 11 egun euskaraz

Euskaraldiko bizipen bilduma

Gaur du hamaikagarren eguna Euskaraldiak. Zelan joan zaizue? ahobizi eta belarriprest askorekin elkartu zarete? izan duzue anekdota kuriosorik? Euskaraldiko webgunean bizipenak jasotzen dabiltza, eta oso kontu bereziak irakur daitezke tarteka. Hemen adibidetxo bat:

Lotura honetan dituzue bizipen guztiak.

Zuek izan duzue bizipen berezirik? Kontatu trebatzailea@durango.eus-era email bat bidalita, eta bildumatxoa egingo dugu guk ere!

Eta gogoratu, gaur amaitzen da Euskaraldia, baina honek jarraipena du! gaurtik aurrera ere hizkuntza ohitura berriei ekin!

Hasi da Euskaraldian izena emateko epea

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ’11 egun euskaraz’ ekimena gero eta gertuago dago. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da Euskaraldia, eta bertan parte hartzeko izen-ematea atzo hasi zen. Euskal Herriko 400 herri baino gehiagok eman du izena, tartean, baita Durangok ere.

Durangoko Euskaraldiko batzordeko kideak, asteon ateratako argazkian.

‘Ahobizi’ edo ‘belarriprest’ rola aukeratu, eta euskaraz berba egiteko aukerak biderkatzea izango dugu erronka. Parte hartzeko prest zaudete? Durangoko Udalak ere egin du bat Euskaraldiarekin, eta hemendik eta azaroaren 23ra gurean ekimena zelan landuko dugun adostuko dugu. Laster izango duzue berri gehiago!

 

Euskaraldia dator: Euskal Herri osoan hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoa

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu milaka herritarrek 2018ko udazkenean. Euskaraldian 11 egunez euskaraz berba egiteko eta entzuteko aukerak aprobetxatzeko deia egingo da. Euskal Herri osoko 340 herri hasi dira ekimena antolatzen, tartean, Durangaldeko herri guztiak. Asteon egin da eskualdeko aurkezpena prentsara begira.

Baina zer ote da Euskaraldia? Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topaguneak egindako hitzarmen batetik jaio den ariketa soziala da. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hamaika egunez, euskaraz bizitzeko aukerak handitzea da helburua.

Bi rol egongo dira, txapa bidez identifikatuta:

  • AHOBIZI: Euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz berba egiteko konpromisoa hartuko dute, eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egingo diote.
  • BELARRIPREST: Euskaraz ulertzen duten pertsonak dira, eta gainerakoei euskaraz aritzeko gonbidapena egingo diete. Euskaraz edo gaztelaniaz erantzungo dute, gaitasunaren arabera.

Amankomunazgoak argitaratu duen bideo honetan argi azaltzen dira bi rol horien funtzioak:

Ahoak eta belarriak aktibatzea da, beraz, kontua. Baina lanketa handia duen zerbait da hau: herritarrei Euskaraldiak zer dakarren azaltzeko batzordeak sortu dira herriz herri, eta Durangon ere hasi du bere bidea lantalde batek. Udaleko langileok ere animatuko gara hizkuntza ohiturak aldatzera? Aurrerago ere izango dugu gai honi buruz berba egiteko aukera!

Euskal Herri osora zabalduko da euskararen erabileran eragiteko egitasmoa

Atzo aurkeztu zuten jendaurrean Euskaraldia ekimena.

Hizkuntza ohiturei buelta bat emateko egitasmoa jarriko da abian 2018an. Azken bi urteotan hainbat herritan egin dituzten erronken bidea jarraituz, Euskal Herri osora zabalduko da ’11 egun euskaraz’ ekimena. 2018 osoan hizkuntza aktibazioaren inguruko formazioan eta girotzean lan egin ostean, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskaraz bizitzeko erronka planteatuko da. Horretarako jarrera eta konpromiso zehatzak izango dituzten figura bi egongo dira herritarren artean: AHOBIZI-ak eta BELARRIPREST-ak.

Erronkarekin bat egin gura duten herritarrek Ahobizi edo Belarriprest izatea aukeratuko dute, eta hamaika egunez, figura horien txapa eroango dute soinean, besteekiko harremanetan denek jakin dezaten zer konpromiso hartu duten.

Durangon ere bai!
Durangon ere martxan jarriko da egitasmoa, eta abenduaren 1ean egingo da aurkezpena, Andra Mariako elizpean, 19:30ean. Karrika antzerki taldekoen laguntzarekin, umorea lagun azalduko dute zer den Euskaraldia.

Zer diozue, udal langileak animatuko gara?