Bideoan batu dituzte euskararen erabilera neurketei buruzko datuak

Soziolinguistika Klusterrak egin du bideoa, eta bertan, kale neurketak zelan egiten dituzten azaltzeaz gain, azken hamarkadetan euskararen erabilerak izan duen bilakaera eta gaur egungo egoeraren irakurketa egin dute.

Ingelesa eta marokoarra, euskaraz elkarrekin

An Englishman and a Moroccan met on a bus a few years ago and since then they have only only communicated in Basque. Ingalaterrako mutila eta Marokoko beste bat ezagutu ziren autobus batean. Orduan eta ordutik aurrera euskaraz bakarrik ein dabe euren artean. Argi daukate, Euskal Herrian euskaraz! Euskara da gure territorio libre bakarra!

Nai-post ni Olabe noong Biyernes, Agosto 25, 2017

Sare sozialetan jarri dute bideoa, eta dagoeneko 15.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu!

Joseba Attard eta Mohamed Amine dira; bata jaiotzez Ingalaterrakoa, eta bestea, marokoarra.  Duela lau urte, autobus baten ezagutu zuten elkar. Hasieran frantsesez hasi ziren berbetan, eta konturatu zirenean biek euskaraz zekitela, euskarara salto egin zuten. Lagunak egin ziren, eta ordutik euskaraz izan da euren arteko harremana. Joseba duela hamar urte etorri zen Elorriora bizitzera, eta Mohamed duela bost urte.

Olabe proiektuaren Facebook orrian argitaratu dute bideoa. Olabe Eako Bedarona auzoan dagoen baserria da, eta bertan, Joseba eta bere familia auzolanerako eta elkarbizitzarako espazio bat sortzen dabiltza.

Bideoaren berri izan eta gero, Gaztea irratiko kideek Joseba eta Mohamedengana jo dute, eta elkarrizketan euren laguntasunaren nondik norakoak kontatu dituzte.

Mugagabea (5 minutuko ikastaroa)

Kontuan eduki hiru kasu hauetan behintzat mugagabea erabili behar dugula:

  1. Zenbakiekin eta ehunekoekin

Zenbakiekin normalean mugagabea erabiltzen da. Salbuespena: arinago aipatu dugun zerbait, ezaguna.

Adibidez:

  • Merkatariek bi formazio-saio laburrak egin dituzte -> bi formazio-saio labur
  • Bi asteburuan egingo da jaialdia -> bi asteburutan
  • Iaz antolatutako 5 azokak udaberrian egin ziren

 

Beraz, kontuz:

  • Denboraren Bankuak bi helburu orokorrak ditu -> Denboraren Bankuak bi helburu orokor ditu

 

2. ZER, ZEIN, ZENBAT… galdekariekin

  • Zinegotziak galdetu du zer pausoak eman diren gai honi buruz
  • Zinegotziak galdetu du zer pauso eman diren gai honi buruz

 

  • Hurrengo urratsak zeintzuk izango diren aipatu ditu
  • Hurrengo urratsak zeintzuk izango diren aipatu du

 

3. -RIK partitiboarekin

Tartean partitiboa (-RIK) dagoenean, mugagabea da eta aditza singularrean erabiltzen da:

  • Esan du Ezkurdi plazan ez daudela zakarrontzirik
  • Esan du Ezkurdi plazan ez dagoela zakarrontzirik

Hanka-sartzeak itzulpenetan

Kartel honen berri izan duzue? Azken astean bolo-bolo ibili da Euskal Herriko mugikorretan eta sare sozialetan:

Goikoaren tamainako hanka-sartzeak agian ez, baina sarri euskaldun batek bigarren irakurraldia egin barik inprimatutako kartelak ikusi ohi ditugu han eta hemen. Eskandalizatu egiten gara, eta batzuek barregura ere eragiten digute, baina, azken finean,  gure hizkuntza normalizatuta ez dagoen seinale dira.

Izenzalekeria (5 minutuko ikastaroa)

Testuinguru formaletan aditzak izen bihurtzeko joera dago, horrela jasoago idazten dugulakoan. Estilo hori gramatikalki zuzena da, baina euskaraz naturalagoa da aditza erabiltzea, eta ulergarritasunari ere mesede egiten dio.

Ikusi adibide hauek:

Bibliotekak antolatu duen lehiaketaren helburua 30 minutuko lan baten sorkuntza da
Bibliotekak antolatu duen lehiaketaren helburua 30 minutuko lan bat sortzea da

Musika eskolako matrikularen berriztapena automatikoki egingo da
Musika eskolako matrikula automatikoki berriztatuko da

Informatikariek TAO programa informatikoa itzaltzeko eskaria egin dute, programa horren eguneraketarako
Informatikariek TAO programa informatikoa itzaltzeko eskatu dute, programa hori eguneratzeko

Duela hamar urtetik beheraka doa euskararen erabilera kalean

Soziolinguista Klusterrak emaitzekin egindako grafikoetako bat

Topea jo al du euskararen erabilerak? Formula berriak aurkitzeko garaia ote da? Azken datu soziolinguistikoen berri izaten ari gara; aurreko baten VI.Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak izan genituen berbagai, eta gaurkoan,berriz, Soziolinguistika Klusterrak Euskal Herri mailan egindako kale neurketa dugu hizpide.

Titular eta grafiko ugari utzi ditu neurketa horrek. Azpimarragarri batzuk hemen:

  • Neurtutako elkarrizketa guztietatik  %12,6 izan dira euskaraz. -Guztira 515.260 solaskide behatu dituzte-.
  • Euskararen erabilerak adin-tarte guztietan egin du behera 2013tik 2017ra
  • 1989an lehen neurketa egin zutenetik 2006ra gorantz egin zuen erabilerak, baina azken hamar urteetan behera egin du
  • Azken bost urteetan Arabako kaleetan baino ez da igo euskaraen erabilera

Gaian gehiago saltseatu gura baduzue, hemen duzue Soziolinguista Klusterraren txostena

Generoa eta gaztelaniaren eragina (5 minutuko ikastaroa)

Gaztelaniaz, hainbat formula daude multzo bat izendatzerakoan generoa ez markatzeko:

  • Las personas immigrantes
  • La ciudadanía de Durango
  • El profesorado del instituto
  • La población infantil
  • Las personas propietarias

Euskaraz maskulinoa eta femeninoa bereizteko atzizkirik ez daukagunez, ez dugu horrelako formula berezien beharrik.

Sarritan, baina, gaztelaniaren eraginez, goian aipatu ditugun antzerako esamoldeen kalkoak erabiltzen ditugu. Euskaraz gehienetan plurala jarrita nahikoa dela ahazten dugu:

  • Pertsona etorkinak -> etorkinak
  • Durangoko hiritargoa -> Durangoko herritarrak
  • Institutuko irakaslegoa -> institutuko irakasleak
  • Pertsona jabeak -> jabeak
  • Langilegoa, ikaslegoa… -> langileak, ikasleak…

Generoa eta hizkuntzari dagokionez, kontuan eduki beharreko beste zenbait kontu:

  • Lanbideek ez dute generoa markatua izaten:
    • Arkitekta/arkitekto -> arkitektoa
    • Aktore/aktoresa -> aktorea
  • Hitz maskulinoak modu generikoan erabiltzeko joera dago:
    • Zenbat seme dituzu? -> zenbat seme-alaba dituzu?
  • Izen-abizenak jartzeko eta pertsonen trataeran irizpide berak erabili behar ditugu:
    • Josu Agirre alkate jaunak hartuko du hitza lehendabizi, eta ondoren, Mirenek eta Nekanek ekitaldiaren programa azalduko digute.
    • Josu Agirre alkate jaunak hartuko du hitza lehendabizi, eta ondoren, Miren Goikolea fakultate honetako dekanoak eta Nekane Otaola bertako ikerketa zuzendariak ekitaldiaren programa azalduko digute.

Gakoa batzuetan ez dago erabiltzen dugun hizkuntzan, hitz horien atzean dagoen ikuspegian baizik.

Euskal Herrian gero eta herritar gehiagok dakite euskaraz, baina erabilera geldi dago

Euskal Herriko azken inkesta soziolinguistikoko datuak eman dituzte asteon. Eremu administratiboka izaten dugu datu horien berri, eta asteon Euskal Herri osoko datuak batuta egin dute aurkezpena.

Berria egunkarian egindako erreportajean, horrela laburbildu dituzte azterketaren emaitza nagusiak: “Bat: gero eta euskal herritar gehiagok dakite euskaraz (%28), batez ere gazteen artean. Bi: gehienek etxetik kanpo ikasi dute euskara, eta erdaraz egiteko dute erraztasun handiagoa. Hiru: erabileran ez dago egiturazko aldaketarik, batez ere hurbileko esparruetan, lagunartean eta etxean. Eta lau: euskararen erabilera bultzatzearen alde daudela diote gehienek. Aurkakotasuna sekula baino txikiagoa da Euskal Herrian: %56 alde eta %16 kontra.”

Hemen duzue inkestako datuekin Berrian egin duten infografia:

Eta gorago jarritako moduan, hemen erreportaje osoa.

Euskararen aldeko politiketan eraginkorragoak izateko hitzarmena sinatu dute

Iruñean atzo, euskara sustatzeko hitzarmenaren sinadura. Ana Ollok (Nafarroako Gobernua), Bingen Zupiriak (Eusko Jaurlaritza) eta Mathieu Bergek (Euskararen Erakunde Publikoa) ordezkariek sinatu dute. (Argazkia: Iñigo Uriz – Argazkipress)

EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko erakundeek akordioa sinatu dute euskararen inguruko politiketan elkarlanean aritzeko. Hitzarmen horri esker, egitasmo hauek burutu gura dituzte, besteak beste:

  • Irakasleen eta ikasleen mugikortasuna sustatuko dira: Irakaskuntzan, Lapurdin, Nafarroa Beheran eta Zuberoan irakasle euskaldunak falta dira sare publikoan. Hori bideratzeko, hiru probintzietako hogei bat ikasle Hegoaldera etorriko dira irakasle ikasketak euskaraz egitera. Hegoaldeko beste hogei Bordeleko unibertsitatera joango dira, karrera amaitu eta frantsesa hobetzeko.
  • Hizkuntza-gaitasun mailak ebaluazteko probak eta sistemak prestatuko dituzte, eta hiru lurralde administratiboetan emandako tituluak baliagarriak izango dira hiru lurraldeetan.
  • Ikasleekin ere truketak egingo dituzte, euskararen erabilera bultzatzeko: hizkuntza egonaldiak eta udalekuak.
  • Hiru erakundeek euskararen inguruko sustapen programak koordinatuko dituzte eta ikerketa soziolinguistikoen barruan lortutako datuak bateratuko dituzte.
  • Europako finantzaketa lortzeko ere baliatuko dute elkarlana.

Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta EEPko ordezkariek azaldu dutenez, lana elkarrekin eginda “bikoiztasunak eta gastuak” gutxitu gura dituzte, eta euskaraen alde modu eraginkorrago baten jardun gura dute.

ERE (5 minutuko ikastaroa)

Gogoratu ERE lokailuak elementu berri bat indartzen duela, eta beti erreferentziazko hitz horren atzean egongo dela, ondo-ondoan.

Aitor etorri da ERE                                                                                              Aitor ERE etorri da

Datorren astean bilera egongo da ERE                            Datorren astean ERE bilera egongo da

 

Kontuan eduki beharreko zenbait ohar:

  1. Begiratu perpausaren aditza agerian dagoen edo ez. Agerian badago, ERE partikula bakarrik erabili behar da (ez dira zuzenak ERE BAI, ERE EZ, BAITA… ERE, EZTA… ERE). Adibidez:

Bilbora ERE BAI joan nahi du                                                                  Bilbora ERE joan nahi du

EZTA alkateak ERE ez du horren berri izan                        Alkateak ERE ez du horren berri izan

 

2. Aditza ezkutuan dagoenean, ERE BAI, ERE EZ, BAITA… ERE, eta EZTA ERE erabili behar dira. Adibidez:

Amak badaki, eta aitak ERE                               Amak badaki, eta aitak ERE BAI (BAITA aitak ERE)

BAITA ERE / EZTA ERE formekin kontuan eduki gehitzen gabiltzan elementua tartean joan behar dela, EREren aurrean. Adibidez:

Maria bibliotekara joan da, BAITA ERE Jon                 Maria bibliotekara joan da, BAITA Jon ERE

Maria bibliotekara joan da, Jon BAITA ERE

 

3. ERE partikularekin batera BAI / EZ osagaiak daudenean, sarri birritan idazten ditugu, behin bakarrik jarri ordez.

EZTA pentsatu ERE EZ!                                                                                      EZTA pentsatu ERE!

Goizean egongo da, BAITA arratsaldean ERE BAI / Goizean egongo da, BAITA arratsaldean ERE