Kategorien artxiboak: Sailkatugabeak

Batua.eus itzultzaile automatikoak nahiko emaitza txukunak ematen ditu, baina…

Inoiz erabili dituzue itzultzaile automatikoak? Interneten testu edo corpus asko daukaten hizkuntza handiekin nahiko ondo funtzionatzen dute, baina euskararekin proba egiterakoan tarteka begiko mina eragiten duten itzulpenak egin izan dira.

Bada, informazio eta komunikazio teknologien mundua aurrera doa, eta gero eta itzultzaile automatiko hobeak garatzen ari dira. Batua.eus da horietako bat; adimen-artifizialean eta sare-neuronaletan oinarritutako itzulpen zerbitzua da, eta probatxo batzuk eginda nahiko emaitza txukunak ematen dituela ikusi dugu. Euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara itzultzeko aukera ematen du, eta sistemak ematen duen proposamenean zuzenketak eginda zerbitzua hobetu egiten dela diote sustatzaileek.

Lagungarria izan daiteke Udaleko lanetarako, baina beti komeni da itzultzaile automatikoak proposatzen diguna arretaz irakurri eta guk geuk moldatzea. Izan ere, testu ulergarriak egiteko azken giltza geurea da!