Kategorien artxiboak: Durangon bertan

Durangoko albiste interesgarrien berri; batez ere euskararekin eta euskal kulturaz lotuta.

Zelan eragin euskara erabil dadin?

Galdera horri erantzun guran egindako bideoa duzue hauxe. Urrats eta keinu txikiekin euskararen erabilera bultzatu daitekeela erakutsi gura izan dute Berbaro elkartetik jaiotako Itzartu gazte taldekoek.

Itzartu gazte taldea Euskararen Ginkana lehiaketan parte hartzen dabil, eta ginkana horretako proba baten aitzakian sortutako bideoa da hau.

Euskarazko liburuen irakurketa kluba martxan da Durangon

Udal Bibliotekako lagunek jakinarazi digutenez, prest dute ‘Euskaraz ere errez!!’ irakurketa kluba.

Euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duten pertsonak animatu gura dituzte ekimen honetara. Euskaraz alfabetu bako euskaldunak, euskaltegian ikasi bai baina trebezia gutxigaz sentitzen direnak, euskarazko liburuak errez irakurri gurako lituzkenak… Profil horietako jendearengan pentsatuta, euskarazko bost liburu aukeratu dituzte, eta hileko azken barikuetan liburu horien inguruan berba egiteko elkartuko dira Asun Elorriagarekin.

Lehen saioa urtarrilaren 27an egingo dute (18:00etatik 19:00etara), eta Uxue Alberdiren “Aulki bat elurretan” liburua izango dute berbagai; Suedian girotutako istorio gazi-gozoek osatzen dute ipuin-liburu hori.

Irakurle taldean izena emateko Udal Bibliotekara jo behar da. Telefonoz eman dezakezue izena (94 603 041), emailez (liburutegia@durango.eus) edo bibliotekara bertara joanda.

Durangoko Azoka, Korrika, Euskararen Eguna…

Euskararekin lotutako albiste ugari jaso ditugu azken egunotan:

Asteon egin dute 20.Korrikaren aurkezpena, eta Durangaldean bertan hasiko da, gainera, martxoaren 30ean; Otxandion egingo ditu lehen kilometroak Korrikak, BATZUK lemapean. Hamar egunetan Euskal Herria zeharkatu eta Iruñean izango da amaiera jaia, apirilaren 9an. Hona hemen Korrika iragartzeko egin duten bideoa:

Durangoko Udaletik ere egingo ditugu metro batzuk, ezta? Gogoratzen duzue duela bi urteko abentura? Hemen dituzue orduko argazkiak.

Durangoko Azoka ere laster etorriko da gurera. Herriko liburu-dendak hasi dira igartzen; idazle eta musikari askok azaroan kaleratzen dituzte euren lanak, eta egunotan nobedade piloa heldu dira liburu-dendetara. 51.aldia izango du Durangoko Azokak, eta abenduaren 2tik 6ra izango ditu ateak zabalik. Hona hemen azoka iragartzeko asteon kaleratu duten spota:

Euskararen Eguna ere laster izango dugu, abenduaren 3an. Aurten ere, egun horren bueltan bazkaritxo bat antolatzeko asmoa dugu. Laster zehaztuko dugu eguna eta lekua, beraz, adi egon!

Ospakizun eta jardueraz beteta dator urte amaiera. On egin, eta ahal duzuenero, astindu mihia euskaraz!

Durangoko dendetan erabiltzen den hizkuntza aztertzen dabiltza

ITG euskara taldea ikerketa egiten dabil Durangon, bertako komertzioetan zein hizkuntza ohitura dauden ezagutzeko. Horretarako galdetegi bat prestatu dute, eta kale-inkestak egiten dabiltza. Gainera, galdetegia internet bidez erantzuteko aukera ere badago.

Dendetako harremanen inguruko lanketa egiten dabil azkenaldian ITG,  ‘Salerosketak be, euskeraz’ kanpainarekin. Hilero iPad-ak zozkatzen dituzte erosketak euskaraz egiten dituzten herritarren artean.

'Salerosketak euskaraz' kanpaina bultzatzen du ITGk (Argazkia: anboto.org)

(Argazkia: anboto.org)

Eragile moreak, domekako Ibilaldiko nobedadeetako bat

Urte osoko lanketaren ostean, domeka honetan izango da Ibilaldia Durangon, ‘Dagigun’ lelopean. Egun osoan zehar, Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolen inguruko herritar ugari ibiliko da boluntario lanetan, eta tartean, peto morea soinean izango duten pertsonak: eragile moreak. Ikastolen jaietan sortu berria den figura da eragile moreena. Pasa den astean 120 pertsonek jaso zuten formazioa, eta euren eginkizuna zaintza egitea da, eraso sexistak ekidin ahal izateko.

Ibilaldiko parekidetasun taldea. (Argazkia: Anboto.org)

Ibilaldiko parekidetasun taldea. (Argazkia: Anboto.org)

Nagore Uribe-Etxebarria Andraguneko lankide eta ikastolako gurasoak azaldu duenez, “prebentzio lanaz gain, erasoen kontrako jarrera erakustea” ere izango da eragile moreen funtzioa. Parekidetasuna lantzeko Ibilaldiko lan-taldeko kidea da Nagore, eta azaldu du pozik daudela ideiak izan duen harrerarekin. Formazioa jaso duten 120 pertsonek edozein motatako indarkeria sexistei aurre egiteko jarrera aktiboa izango dute. Gune bakoitzean arduradun bat egongo da, eta berau izango da beste eragile guztien erreferente. Bestalde, egun osoan hiru ordutako txandak egingo dituzte hainbat eragile morek. Horien inplikazioa gainontzeko eragile moreena baino handiagoa behar du izan; begirada zorroztuta eta belarriak erne izatea da horien egitekoa; izan ere, eraso posibleen aurrean esku hartuko dutenak dira. Gainontzeko eragile moreek zeharkako lana egingo dute; bokata jaten, kontzertua entzuten, puzgarrietan umeak zaintzen edo ibilbidetik zehar daudela ere.

Ibilaldiko esperientziaren ostean, beste ikastolen jaietara ere zabaldu gura dute eragile moreen jarduna. Informazio gehiago Ibilaldiko webgunean duzue.

P.D.: Ibilaldiko koordinazio lanetan udaletxeko hainbat langile zabiltzate, eta honako hauek egun lanpetuak dira zuentzako. Animo denoi!

Hika praktikatzeko gunea sortuko dute Durangon

Hika guneaHika berba egiten badakizue? Ikasi gurako zenukete? Bada, hikaren bueltan, Durangoko GUKA euskaltzaleen bilguneak -AEK, Berbaro taldea, Euskal Herrian Euskaraz eta Ibaizabal ikastola- hitzordua prestatu du  maiatzaren 5erako. Helburua tertulia giroan bertoko hikan aritzeko gune bat sortzea izango da.

Datorren ostegunean, Plateruena Kafe Antzokian izango da plana. 19:30 aldera elkartu eta Durango eta inguruko hikari astindu bat ematen hasteko deialdia egin dute.

Ikasi gura dutenak eta dagoeneko badakitenak daude gonbidatuta. Beraz, animatu!

Liburuaren Eguna: gomendioak eta ekitaldiak

Bihar, apirilak 23, Nazioarteko Liburuaren eta Autore Eskubideen Eguna da, eta egun horren aitzakian, aurten ere, udaletxeko hainbat lankideri euskarazko liburuak gomendatzeko eskatu diegu.

Gainera, Durangon, pare bat hitzordu aipatu behar ditugu Liburuaren Eguna dela eta ez dela. Gaur, barikua, 18:00etatik gauerdira arte, Durangaldeko 240 pertsonek III.Irakurraldian parte hartuko dute Plateruena kafe antzokian, ‘Hitzez eta ahotsez’ ekimenak antolatuta. Eskualdeko idazleen lanak irakurri eta abestuko dituzte sei orduz. Bestalde, bihar, zapatua, 16:00etatik aurrera, Durangoko Arteka, Hitz eta Urrike liburu-dendak kalera irtengo dira: Andra Mariko elizpera aterako dituzte liburuak. Deskontuak egongo direla jakinarazi dute, eta gainera, liburua erosten duten herritarrei Cengotita lora-dendak eskainitako landare bat oparituko diete.

Hona hemen, lankideen gomendioak:

LIBURUA-Orain hilak ditugu

ORAIN HILAK DITUGU (poesia)

Egilea: Karmele Jaio

Gomendioa egin duena: Maite Euba (Udal Euskaltegia) eta Amaia Eguzkitza (Informatika saila)

Zergatia:
Maite Euba: “Ezin ukatu Karmele Jaio nire idazle kuttunetakoa dela. Hurbila, sentibera, egunerokoari erreparatzen diona (…) Ez naiz poema-liburu irakurle trebea, baina honetan harrapatu egin nau eta ziztada egin dit”

Amaia Eguzkitza: “Poesia da, eta egunerokotasuneko gaiak jorratzen ditu: minak, hutsuneak, gazigozoak. Emozioekin konektatzen lagundu dit”

Maite Eubak, gainera, liburuko olerki bat aukeratu du; Gosari aztarnak, “askoren artean laster Amaren Eguna ere badelako eta nostalgiari bere lekutxoa egitearren”. Hemen duzue olerki hori:

Gosari aztarnak

Ez dira domeketako pagak,
ez dira marrazki bizidunak,
parkeko jolasak
edo benetako lagunak
faltan sentitzen ditudanak.

Ez dira uretan egindako dzangak,
futboleko izerdiak,
amaigabeko udak.
Ez dira gurin zaporezko meriendak,
esnetan bustitako gailetak
faltan nabari ditudanak.

Goizero
nire ezpainetako gosari aztarnak
txistuaz bustitako zapiarekin
garbituko dituen norbait
oraindik badela jakitea da
benetan falta zaidana.

LIBURUA-Arotzaren eskuak

AROTZAREN ESKUAK (nobela)

Egilea: Alberto Ladron

Gomendioa egin duena: Iñigo Andres (Bulego Teknikoa)

Zergatia: “Liburu honek misterioa eta genero poliziako biltzen ditu. Gaur egungo emakume bat bere aitonarena izandako baserrira joaten da bizitzera bake bila, eta aurkikuntza zirraragarri bat egiten du baserri aurreko lur-azpian. Hortik aurrera misterioa eta erahilketa batzuen aztarnen atzetik abiatzen da. Gerra Zibila, naziak… Duela 70 urte gertatutakoaren korapiloa askatzen joaten da poliki-poliki”.

 

LIBURUA-Atertu arte itxaron

 

 

ATERTU ARTE ITXARON (nobela)

Egilea: Katixa Agirre

Gomendioa egin duena: Amaia Eguzkitza (Informatika saila)

Zergatia: “Entretenigarria da, eta, Euskal Herriko parajeak aitzaki,  historia arin eta entretenigarri bat kontatzen du, gogoeta ugarirekin”.

LIBURUA-Lili eta biok

 

 

LILI ETA BIOK (nobela)

Egilea: Ramon Saizarbitoria

Gomendioa egin duena: Toni Atutxa (Euskara saila)

Zergatia: “Faustino Iturbe idazleak eta Lili neskatoak atzera-aurrerako jauziak egiten dituzte gaur-gaurko bizipenetatik iraganeko misterioetara, eta atzera begirakoan gerra zibil garaiko gertaera mingots bat harilkatzen dute oihal-txatal urratuak apurka-apurka josiz behinolako gertaeren oihal osoa osatu arte.”

 

LIBURUA-mariak20urteditu
MARIAK 20 URTE DITU (komikia)

Egileak: Maria Gallardo eta Miguel Gallardo

Gomendioa egin duena: Esti Albizu (Udal Bilblioteka)

Zergatia: “Miguel Gallardok Maria bere alabak munduarekin zelako harremana duen kontatzen du komiki bidez. Izan ere, autismoa du Mariak, eta bere aitak udan egindako oporraldian gertatutakoak samurtasun handiz eta umorez kontatzen ditu. Komikizale amorratuak gara bibliotekan, eta dagoeneko kalitatezko bilduma handia daukagu; hauxe eta aurretik kaleratutako Maria eta ni, tartean”

untitled

 

 

ERRESUMAREN EGUNSENTIA (nobela)

Egilea: Mila Salterain

Gomendioa egin duena: Nagore Uribe-Etxebarria (Andragunea)

Zergatia: “Durangaldean oinarritutako eleberri historikoa delako, aukera paregabea gure historiaren zati bat ezagutzeko”

 

 

LIBURUA-Londres kartoizkoa da

 

LONDRES KARTOIZKOA DA (nobela)

Egilea: Unai Elorriaga

Gomendioa egin duena: Fernan Ruiz (Euskara saila)

Zergatia: “Intrigaz betetako liburua da. Idazteko estilo arina eta erabat ulergarria erabiltzen du, beti, esango nuke, Unai Elorriagak. Mamia ulertu eta hariari jarraitzea, ostera, zail samarra egin daiteke. Pertsonaia asko agertzen dira eta izenekin korapilatu egin gaitezke. Psikologiatik asko du, eta fikzioa da, baina gaur egun, oraindik, bizi ditugun zenbait gai aurkezten dizkigu idazleak: diktadura, torturak, buruko gaitzak… Gomendagarria, benetan”.

Durangoko Udal Euskaltegiko ikasleek ere egin dute liburuak gomendatzeko ariketa. Hemen dituzue gomendioak, Udal Euskaltegiko blogean.

Durangoko Azoka

Zabaldu dituzte Durangoko Azokaren ateak!

durangoko azoka kartela

Aurtengo kartela, Marta Cardenas donostiarrarena.

Gaurtik astelehenera, euskaltzaleen arnasgunea izango da Durango: lau egunean, gustu guztietarako jarduerak izango ditugu; egitarauari erreparatzea besterik ez dago.

Aurtengoa, 49. edizioa da, eta Okzitania izango da herrialde gonbidatua. Argizaiola saria, berriz, Anuntxi Arana antropologoari emango diote,  euskal mitologiaren eta kondairen arloan egin duen lan eskergagatik.

Aurten, nobedade lez, Durangoko Azokak app berria atera du, bisitariok informazio guztia sakelan eraman dezagun.

Gogoan izan, liburu eta disko azokaz gain, 19. Euskal Denda ere izango dugula ikusgai; alegia, artisautza azoka. Guztira, 50 erakusketari bilduko dira, eta denetariko produktuak  erosteko aukera izango dugu.

Besterik ez; ondo-ondo pasa asteburuan!