Kategorien artxiboak: Bost minutuko ikastaroak

Udal langileei zuzendutako ikastaro laburren bildumatxoa.

Aktak idazteko aholku batzuk (5 minutuko ikastaroa)

 

  • ZEHARKAKO ESTILOA EDO ZUZENEKOA?

    Aukera bi dauzkagu:

1- Esandakoak lehen pertsonan idaztea. Adib:
Ane Agirre: Bulego Teknikoan galdetu dugu, eta eraikinaren egoera aztertu behar dela esan digute.

2- Zer esan den kontatzeko hirugarren pertsona erabiltzea. Adib:
Ane Agirre. Azaldu du Bulego Teknikoan galdetu dutela, eta erantzun dietela eraikinaren egoera aztertu behar dutela.

Askotan nahastu egiten ditugu bi estiloak, eta euretako bat aukeratzea komeni da, bestela, nahasgarria izan daiteke testua.

 

  • ADITZA: ‘Esan du’ ala ‘esaten du’?

    Hirugarren pertsonan idazten dugunean, adierazpen piloa idatzi behar izaten dugu aktetan. Zer forma erabili behar dugu?

Galdetzen du, erantzuten du, azaltzen du -> galdetu du, erantzun du, azaldu du

Marroiz markatutako aditzen –T(Z)EN horri orainaldi burutugabea formakoa da. Esan gura du ekintza hasita dagoela baina ez dela amaitu, edo maiztasun batekin gertatzen den zerbaiti buruz berba egiten gabiltzala. Adib: “Askotan joaten da Bilbora”, “bulegoa garbitzen dabil”, “musika eskolan egiten du lan”.

Horregatik, batzarreko interbentzioetarako egokiagoak dira ‘galdetu du’, ‘erantzun du’, ‘azaldu du’ eta ‘esan du’ modukoak.

 

  • JAKINARAZI / AZALDU / BERRI EMAN

Kontuan izan ‘jakinarazi’-k esaldi bat eskatzen duela alboan. Adib:
Ane Agirrek honako gai hauek jakinarazi ditu:

Kasu honetan, egokiagoa izango da ‘berri eman’ edo ‘azaldu’ idaztea:
Ane Agirrek honako gai hauen berri eman du:
Ane Agirrek honako gaiak azaldu ditu:

‘Jakinarazi’, esan bezala, esaldiarekin eta –ela atzizkiarekin erabiliko dugu gehienetan (esaldi konpletiboak):
Berandu etorriko dela jakinarazi du.
Gizarte langileek jakinarazi dute lan karga handia dutela.

Diru kontuei buruzko ohartxo batzuk (5 minutuko ikastaroa)

*GASTUA ASUMITZEA

Gaztelaniazko “asumir el gasto” esateko, euskaraz “asumitu” erabili ordez, beste formula batzuk daude:

  • Elkarteen gastuen % 90 asumitzeko aukera aztertuko da -> gure gain hartzeko / guk ordaintzeko
  • Zati bat entitateek asumituko dute -> hartuko dute beregain / ordainduko dute

*Antzera diruaren ordez ardurei buruz berba egiterakoan: Datorren urtean pertsona batek asumitu beharko du ardura hori -> Datorren artean pertsona batek hartu beharko du ardura hori (beregain)

 

*PREZIOEN IGOERA EMAN

  • Teknikariak gogorarazi du iaz prezioen igoera eman zela

Ez da guztiz okerra, baina euskaraz errazagoa eta naturalagoa da beste forma hau: Teknikariak gogorazi du iaz prezioak igo zirela

 

*DIRU KOPURUAGATIK

Gaztelaniazko “por la cantidad de…” forma euskaraz esateko, itzulpen literala eginda, horrelako esaldiak irteten zaizkigu:

  • Diru-laguntza handituko da 500 euroko diru kopuruagatik

Amaierako –GATIK atzizkiak, ordea, ZERGATIK galderari erantzuten dio, eta, horregatik, beste modu batzuk  erabilita, askoz hobeto:

  • Diru-laguntza 500 euro handituko da
  • Diru-laguntzari 500 euro gehiago erantsiko zaizkio

“A CONDICIÓN DE…” eta baldintzazko esaldiak

Testu administratiboetan baldintza adierazteko hainbat formula erabiltzen ditugu gaztelaniaz: A condición de, a petición de, en caso de, en su defecto … Gaurko ikastaroan esaldi horiek euskaraz modu natural eta jatorrean zelan idatzi azalduko dugu.


Askotan esaldi hauek formula honekin idatz ditzakegu:

X gertatuko da, Y egiten badugu / X gertatuko da, Y ez bada egiten

 

  •   A CONDICIÓN DE… -> *….(R)EN BALDINTZAPEAN

Se podrá acceder a las ayudas a condición de presentar las solicitudes antes del 31 de marzo

  • Diru-laguntzak jaso ahalko dira, eskaerak martxoaren 31 baino lehen aurkeztearen baldintzapean.
  • Diru-laguntzak jaso ahalko dira, eskaerak martxoaren 31 baino lehen aurkezten badira.

 

 

  • A PETICIÓN DE…. -> *… (R)EN ESKARIZ

El plazo de ejecución de las obras podrá ampliarse a petición del interesado.

  • Obrak egiteko epea luzatu egin ahalko da, interesdunaren eskariz
  •  Obrak egiteko epea luzatu egin ahalko da, interesdunak hala eskatzen badu.

 

 

  • EN CASO DE… -> *… (R)EN KASUAN

En caso de no presentación de solicitudes dentro del plazo…

  • Epe barruan eskabiderik ez aurkeztearen kasuan…
  •  Epe barruan eskabiderik aurkezten ez bada / aurkeztu ezean…

 

 

  • EN SU DEFECTO -> *… EZEAN

La policia debera obtener el permiso del interesado para entrar en el domicilio del mismo, o, en su defecto, la oportuna autorización judicial.

  • Herritarren etxean sartzeko, Poliziak herritar horien baimena behar du, edo, horrelakorik izan ezean, epailearen baimena.
  •  Herritarren etxean sartzeko, Poliziak herritar horien baimena behar du; eta horrelakorik ez bada / horiek baimenik ematen ez badute, epailearen baimena.

 

“A EFECTOS DE… ” eta helburuzko esaldiak (5 minutuko ikastaroa)

Administrazioan sarri erabiltzen dira helburuzko esaldiak, eta gaztelaniaz honako testu antolatzaileak erabili ohi ditugu: a efectos de, al objeto de, con el objetivo de, con vistas a… Gaurko ikastaroan esaldi horiek euskaraz modu natural eta jatorrean zelan idatzi azalduko dugu.

 

Askotan esaldi hauek formula honekin idatz ditzakegu:

X erabaki da Y egiteko / Z gertatu dadin


  • A EFECTOS DE -> * …-REN ONDORIOETARAKO

Se han realizado diversos actos a efectos de promover el turismo en Durango

  • Jarduera batzuk egin dira Durangon turismoa bultzatzearen ondorioetarako
  • Jarduera batzuk egin dira Durangon turismoa bultzatzeko / bultzatu guran/ bultzatzeko asmoz / bultzatzeari begira…

 

  • CON EL OBJETIVO DE… -> * –REN HELBURUAREKIN

El ayuntamiento convocará varios foros con el objetivo de conocer las opiniones de las ciudadanas y ciudadanos

  • Udalak zenbait foro antolatuko ditu, herritarren iritziak ezagutzeko helburuarekin
  • Udalak zenbait foro antolatuko ditu, herritarren iritziak ezagutzeko

 

  • CON LA VOLUNTAD DE… -> * –REN BORONDATEAREKIN

    Han creado el protocolo de actuación con la voluntad de aunar esfuerzos en la lucha contra la violencia machista.

  • Ekintza protokoloa sortu dute, indarkeria matxistaren kontrako borrokan indarrak batzearen borondatearekin
  • Ekintza protokoloa sortu dute, indarkeria matxistaren aurkako borrokan indarrak batzeko / bat egiteko

 

  • EN ORDEN A…

Los partidos presentaron sus propuestas en orden a su aprobación por el Pleno municipal.

  • Alderdiek euren proposamenak aurkeztu zituzten, Udalbatzak onartzeko.

 

  • LEGEEKIN: EN APLICACIÓN DE… / EN CUMPLIMIENTO DE…

En aplicación de lo dispuesto en la ordenanza municipal de basuras…

  • Zaborren udal ordenantzan ezarritakoa betetzeko…

En cumplimento de los artículos 9 y 10 de la Ley 30/1992…

  • 30/1992 Legeko 9. eta 10. artikuluak betetzeko…

 

  • PARA CONOCIMIENTO DE…

El edicto permanecerá durante quince días en el tablón de anuncios para conocimiento de los interesados.

  • Ediktua hamar egunez egongo da iragarki-oholean, interesdunak jakinaren gainean egon daitezen.

 

  • PARA SU POSTERIOR…

La publicación se preparó para su posterior presentación a los medios de comunicación.

  • Argitalpena prestatu zen, gero komunikabideei aurkezteko.

Legeak testuan sartzeko pare bat aholku (5 minutuko ikastaroa)

Sarritan legeen aipamenek datu asko izaten dituzte:

  • legearen zenbakia
  • noiz onartu zen
  • zer arautzen duen
  • zein artikuluek xedatzen duen testuan idatzi duguna

Informazio hori guztia oztopoa izan daiteke ulergarritasunarentzat:

Gaztelaniaz: (…) de conformidad con lo dispuesto en el artículo 333.3 y 29, respectivamente, del Real Decreto Legislativo 3/2011, de 14 de noviembre, por el que se aprueba el texto refundido de la Ley de Contratos del Sector Público.

Euskaraz: (…) horrela ezartzen baitute Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Errege Dekretu Legegileko 333.3 eta 29.artikuluek.

PARENTESIA:

Irakurleari testua errazteko, legearen zati bat parentesi artean jar dezakegu. Informazio osagarria izan daiteke, adibidez, legea onartu zen eguna eta arautzen duen gaia:

(…) horrela ezartzen baitute 3/2011 Errege Dekretu Legegileko 333.3 eta 29.artikuluek (azaroaren 14ko errege dekretua, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duena).

IZARTXOA:

Legea testutik guztiz ateratzea parentesiaren hurrengo pausua izango litzateke. Gaztelaniazko testuetarako ere baliagarria da. Adibidea:

Familia ugari mota Hobaria ehunekotan   Tipo de familia numerosa % Bonificación
Orokorra     General
Familia ugariaren arbaso-izaera duten pertsonek  lanbide arteko gutxieneko soldataren 3,5 arteko oinarri ezargarria dutenean PFEZ-n (14 ordainketa) (familia ugariak babesteko 40/2003 Legearen 2. artikuluaren arabera) % 60 Cuando la/s persona/s que ostenten la condición de ascendientes/s de la familia numerosa (según el art. 2 de la Ley 40/2003 de protección a las familias numerosas) tengan una base imponible general en el IRPF hasta 3,5 veces el salario mínimo interprofesional en cómputo anual (14 pagas) 60%
Familia ugariko jatorria duten pertsonak*, euren PFEZ-eko oinarri ezargarria (14 ordainketa) honako kopuruen artean dagoenean: lanbide arteko gutxieneko soldata bider 3,5 baino gutxiago. % 60 Cuando la/s persona/s que ostenten la condición de ascendientes/s de la familia numerosa* tengan una base imponible general en el IRPF hasta 3,5 veces el salario mínimo interprofesional en cómputo anual (14 pagas) 60%
*Familia Ugariak Babesteko 40/2003 Legearen 2.artikuluaren arabera.
* Según el art. 2 de la Ley 40/2003 de Protección a las Familias Numerosas  

Gogoratu! Testu juridikoek izen propioak dituzte eta maiuskulaz idatzi ohi dira:

 – 7/1985 Legea, 3/2011 Errege Dekretua…

 Kode edo zenbaki barik idazterakoan, aldiz, ez dira letra larriz idazten:

 – Aurreko puntuan aipatutako errege dekretuak, bere 14.artikuluan ezartzen du…

 

Ez da gai erraza legeena! Ea denon artean samurragoa bihurtzen dugun!

Datak eta orduak idazteko moduaz (5 minutuko ikastaroa)

Ordua

Normalean zifrekin idazten dugu. Bi punturekin bereiziko ditugu orduak eta minutuak, eta bakoitzeko bi zifra erabiliko ditugu.

  • Kasu marka barik idazten dira batzuetan. Adibidez: autobusen ordutegietan edo ordu tarteak adierazten direnean.

      -Durango – Bilbo autobus-linea: 07:00 07:30 08:00 08:30 09:00….
-HAZeko ordutegia: Astelehenetik ostegunera, 08:00-14:00 / 16:00-18:30.     Ostiraletan: 08:00-14:00

  • Deklinatzerakoan:
           o Orduei, pluraleko kasu-marka jarriko diegu, ordu batari izen ezik (13:00).
    13:00ean
    15:00ak bueltan helduko da
    18:00etatik dago zain

          o Beste kasu guztietan minutuak deklinatuko ditugu (laurden eta erdietan ere bai). Kontuan hartu azken zenbakia bokalez edo kontsonantez amaitzen den, esaterako, –ean edo –an deklinatzeko.
11:01ean
10:07an
11:15ean
(‘eta laurdenetan’ irakur dezakegu, baina horrela idazten da)
15:30etik 17:30era (‘eta erdietan’ irakur dezakegu, baina horrela idazten da)
19:45era arte dago zabalik

Data

– Tokia eta denbora adierazten denean, honako bi idazkera hauek erabil daitezke:
Durangon, 2016ko urriaren 31n
Durango, 2016ko urriaren 31

– Urtea puntu barik idazten da
1974an jaio zen
2013an onartu zen azken Euskara Plana

– Hilabeteak eta astegunak letra xehez edo minuskulaz idazten dira
(Salbuespenak: nazioarteko egunak: Maiatzak 1, Martxoak 8…)

– ‘Urriak 31’ moduko formak ez dira ontzat ematen data arrunta emateko. Aposizioetan erabiltzen dira; informazio osagarria emateko. Adib.:
Datorren ostiralean, azaroak 4, amaituko da izena emateko epea
(bietara idatz daiteke: Datorren ostiralean, azaroaren 4an, amaituko da izena emateko epea)

– Denbora zenbaki hutsez emateko, horrelako formak daude aukeran:
2016-10-31; 2016/02/22; 2016-X-31; 2016/II/22

-RIK: Partitiboaren erabilera (5 minutuko ikastaroa)

Noiz erabiltzen dugu?

Erreferentea zehaztu gabea, generikoa, denean:

1) Ezezko esaldietan: “Ez dago baliabiderik ordenantza hau gauzatzeko”

“Ez daude baliabideak” esango bagenu, denok ezagutzen ditugun baliabideei buruz ariko ginateke.

Beste adibide bat:

– “Ez du libururik ekarri”

– “Ez ditu liburuak ekarri”

Bigarren esaldian liburu jakin batzuez ari gara, atzo ekartzeko agindutakoez, esaterako. Lehen esaldian edozein liburu izan daiteke, ez ditugu ezagutzen.

2) Galdera-perpausetan: “Badago diru-atalik pobreziaren inguruko ekitaldiak antolatzeko?”

3) Baldintzazkoetan: “Hamabost egun horietan alegaziorik aurkezten ez bada, araudia onartuko dugu”

4) Baiezko perpausetan, indar enfatikoa emateko: “Badago zer eginik udaletxe honetan!” BAI horretan egiten da indarra.

 

Gogoan izan!

Partitiboari dagokion aditza SINGULARREAN joan beharko da. Euskara zerbitzuak zuzendutako hainbat testutan akats hori ikusi dugu.

Adib:

Ez dira eragozpen teknikorik ikusi => Ez da eragozpen teknikorik ikusi

Ez dira bitartekorik ipintzen hori guztia konpontzeko => Ez da bitartekorik ipintzen hori guztia konpontzeko

Gaztelaniazko formei buruzko oharrak (5 minutuko ikastaroa)

  • GERTATU DA

Gaztelaniaz “ha resultado”, “tiene lugar” eta antzerakoak itzultzerakoan “gertatu” aditza erabiltzen dugu batzutan, eta euskaraz ez da oso natural geratzen:

Zumalakarregi Bilboko setioan zauritua gertatu zen eta handik bederatzi egunetara zendu zen. =­­> zauritu zuten

Jaialdia taldeak dauden herrietako antzokietan gertatzen  da => antolatzen da, egiten da…

  • KOKATZEN DA ere sarritan erabili ohi dugu “se encuentra” esateko, baina euskaraz forma naturalagoak daude:

Egin beharreko aterpea eraikinaren atzeko patioan kokatzen da => atzeko patioan dago

 

  • BERRI BAT

“Ha ocurrido un nuevo accidente”. Horrelako esaldiak ohikoak dira gaztelaniaz.

Euskaraz ere, ‘beste bat’ esateko ‘berri bat’ erabiltzen dugu sarri, baina, berez, ‘zahar’ -en antonimoa da ‘berri’, eta euskaraz beste modu batzuk daude horrelako esaldiak esateko:

Eraso sexista berri bat gertatu da => beste eraso bat gertatu da

Eraso berri horiek arbuiatzeko elkarretaratzea => azken eraso horiek arbuiatzeko elkarretaratzea

 

  • ESALDIETAKO EGITURA PARE BAT

BALDINTZAZKO ESALDIAN, DENBORA SARTZEA:

“No entiendo como ocurre esto, cuando todos conocemos que existe un reglamento y se puede evitar”

Gaztelaniaz, baldintza adierazteko horrelako esaldietan denborazko ‘cuando’ erabiltzen da, eta euskaraz gero horrelako gauzak esaten ditugu:

“Ez dut ulertzen araudi hau beste batzorde batean aztertu izana herritarren partaidetza batzordea dagoenean. =>  batzordea badago da forma zuzena, baldintzazko esaldi bat delako.

 

TRABAJAR POR LA PAZ = BAKEAGATIK LAN EGIN?

Gure barruko itzultzaile txikiak horrelako esaldiak egiten ditu batzutan:

“Lan egin dute pertsona horien autonomiagatik

Bada, gaztelaniazko “por la autonomía” dago hor atzean, eta “por” hori kasu honetan ez da “-gatik”. Forma egokiagoakoak dira hauek:

Lan egiten dute pertsona horien autonomiaren alde
Pertsona horien autonomia indartzeko / bultzatzeko egiten dute lan

Udal hiztegiari errepasotxoa (5 minutuko ikastaroa)

UDALA

    • Durangoko Udala erakundearen izena da, eta biak maiuskulaz idazten dira.
    • ‘Udala’ hitza bakarrik doanean, ez da izen propioa, eta minuskulaz idazten da. Adib: “Durangoko eta Abadiñoko udalek akordioa sinatu dute”
  •  Udala eta udaletxea ez dira gauza bera: udala erakundea da, eta udaletxea, eraikina

 

KARGUAK / LANPOSTUAK

Minuskulaz: zinegotzia, teknikaria, zuzendaria, alkate andrea, alkateordea, idazkaria…

 

SAILAK

Berdintasun saila ala Berdintasun Saila? Biak onartzen ditu Euskaltzaindiak.

Sailei buruz orokorrean berba egiten dugunean, minuskulaz: “Hainbat sailetako arduradunak deitu dituzte batzar horretara”

 

‘ADMINISTRAZIOA’ hitza

Botere-antolamendu baten edo haren mendeko zerbitzu publikoak adierazteko termino generikoa da. Bakarrik doanean, maiuskulaz idazten da.

Adib: “Erabaki hori Administrazioak hartu behar du”
“Bai, Administrazioan lan egiten du, baina ez da funtzionarioa”

 

DEKRETUAK ETA LEGEAK

Izen propioa direnean, maiuskularekin: 3/2011 Errege Dekretua, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duena

Bestelakoetan, minuskularekin: Diru-laguntza eman diogu elkarteari, dekretu bidez.

 

ZUZENKETETATIK HARTUTAKO BERBA BATZUK

Informea= txostena

Indikadorea= adierazlea

Diru-partida= diru-atala

Ingreso= diru-sarrera

Diru-laguntzak (gidoiarekin idazten da)

Talde durangarra=> Durangoko taldea (-ar atzizkia pertsonekin erabiltzen da)

San Fausto jaiak= sanfaustoak elkarrekin idazten denean, minuskulaz idazten da, sanferminen moduan. San Fauso jaiak eta sanfaustoak.

Zerrendak eta ideia askoko esaldiak (5 minutuko ikastaroa)

Idazten gabiltzala, sarri ez gara konturatzen zelako ideien kate luzeak idazten ditugun. Ulertzeko zail xamarrak izan daitezkeen testuak sortzen ditugu.

Hona hemen aholku batzuk:

  1. Erabili bi puntuak –edo puntu eta koma- beldurrik barik:
  • 10.000 biztanletik gorako herria garelako edo planeamendu orokorraren berrazterketarekin hasi garelako, derrigortuta gaude zarata mapa egitera
  • Bi arrazoigatik gaude derrigortuta zarata mapa egitera; alde batetik, gurea 10.000 biztanletik gorako herria delako, eta, bestetik, planteamendu orokorraren berrazterketa hasi dugulako

 

2. Informazio garrantzitsua aurreratzea komeni da. Askotan aditzean egoten da informazio garrantzitsu hori:

  • 213/2012 Dekretuak dionez, zarata mapak egitera behartutako udal guztiek -10.000 biztanletik gorakoek- eskumena duen administrazioak egokitzat jotako unean eta maiztasunez berrikusiko dituzte zarata mapa horiek.
  •  213/2012 Dekretuak dio zarata-mapak egitera behartutako udal guztiek -10.000 biztanletik gorakoek- berrikusi egin beharko dituztela mapa horiek, eskumena duen administrazioak egokitzat jotako unean eta maiztasunez.

 

3. Eta ezezko esaldietan ‘EZ’ hitza bera oso informazio garrantzitsua da. Adib:

  • Bai zure arropak bai nondik zatozen bai zein den zure izena ez dira garrantzitsuak
  •  Ez dira garrantzitsuak zure arropak, ez nondik zatozen ezta zein den zure izena ere

 

4. Diseinu aldetik, ez izan erreparorik zerrendak eskema egituran egiteko:

Idazkiren bat ailegatzen den bakoitzean, sistema informatikoak bermatu egin behar du datu hauek jasotzen direla: hartzailearen identifikazioa, administrazio-organo bidaltzailearena, aurkezpeneko data eta ordua, eta, behar izanez gero, erregistratzen den idazki edo komunikazioaren edukiari buruzko aipamena ere bai.

Idazkiren bat ailegatzen den bakoitzean, sistema informatikoak bermatu egin behar du datu hauek jasotzen direla:

  • Hartzailearen identifikazioa
  • Administrazio-organo bidaltzailearena
  •  Aurkezpeneko data eta ordua
  •  Behar izanez gero, erregistratzen den idazki edo komunikazioaren edukiari buruzko aipamena.