Egilearen artxiboa: Durangoko Udaleko Euskara Zerbitzua

Bost urtean lau puntu hazi da Durangoko euskaldunen kopurua

Eustatek emandako datuak dira. 2011n durangarren % 49 zen euskaraz ulertzeko eta berba egiteko gai; eta 2016an, berriz, %53. Datuon arabera, “ia euskaldunen” multzoan egon da aldaketarik nabarmenena (%27tik %20ra jaitsi da). Talde honetan sartu ohi dira euskaraz zerbait ulertu bai, baina berba egiteko gai ez direnak, ikasten dabiltzanak, etab. Badirudi 2011n multzo horretan sentitzen ziren herritarren zati bat euskaldundu egin dela, eta beste zati batek erdaldunen taldean kokatu duela bere burua. Atzerritarren etorrerak ere eragin ahal izan ditu aldaketa horiek.

Dena dela, euskaldunen kopurua gorantz doa apurka-apurka, eta horren adierazle dira azken 15 urteetako datuak:

Euskaldunen % 57,7k ez du liburuak euskaraz irakurtzeko ohiturarik

Durangoko Azokaren une bat (argazkia: Anboto astekaria)

Euskaldunen kultur kontsumoaren gaineko ikerketa egin dute Siadecok eta Elkar Fundazioak. Hainbat datu esanguratsu ondorioztatu ditu ikerketak: literatura, musika eta hedabideen kontsumoari buruz galdetuta, euskaldunen erdiek baino gehiagok adierazi dute ez dutela euskal kultura kontsumitzen.

Literatura: ohitura eta erraztasun falta
Liburuei dagokienez, inkesta erantzun duten euskaldunen % 57,7k erantzun du ez duela euskarazko liburuak irakurtzeko ohiturarik, eta euskaraz ez irakurtzeko arrazoien artean, gehienek (%42,5) diote ohitura eta erraztasun faltagatik ez dutela euskaraz irakurtzen. Zenbakitara eroanda, euskarazko ohiko liburu irakurleak 172.000 dira; erdarazko ohiko irakurle euskaldunak, berriz, 402.000. Kontuan hartu euskaldunei buruz gabiltzala berbetan, euskara ulertzeko gaitasuna duten herritarrez. Biztanle guztiei dagokien datua beste bat da: euskal herritarren % 6 dira euskarazko liburuen ohiko irakurleak.

Hedabideak: telebista prentsa baino gehiago
Hedabideei dagokienez, ikerketan gehien irakurritako bi egunkariez eta gehien ikusitako bi telebista-katez galdetu dute. Prentsari dagokionez, %20,6k dute euskarazko kazetak irakurtzeko ohitura; telebista-kateen kasuan handiagoa da kontsumoa, % 42.

Musika: azken urtean euskaldunen %47,1 izan da euskarazko kontzertu baten
Musikaren kasuan, beste arloekin konparatuta nahiko datu onak ditu euskal musikak. Hauexek dira datu orokorrak:

  • Diskoak erosi: euskaldunen %59,7k ez du azken urtean diskorik erosi. % 29,7k euskarazko diskoak erosi ditu, eta % 10,6k diskoak erosi bai, baina ez du euskarazko diskorik erosi. Euskarazko diskoen erosle gehienak 35-44 adin tarteko euskaldunak dira.
  • Kontzertuak: azken urtean kontzertuetara joan diren euskaldunen gehienek euskaraz kantatzen duten taldeak ikusi dituzte. Euskaldunen %38,4 ez da kontzertu batera ere joan; %47,1ek euskarazko talderen bat ikusi du, eta %14,5ek kontzertuetara joan bai, baina ez du euskarazko talderik ikusi.

Datu gehiago eta albistea, Berrian.

Haleema Sadia: euskara irakasle izan gura duen pakistandar gaztea

ETB 1eko Herri txiki, infernu handi saioan ezagutu dugu Haleema Sadia gaztea. Pakistanetik 8 urterekin etorri zen Euskal Herrira bizitzera, eta, gaur egun, euskaraz gaztelaniaz baino hobeto moldatzen da. 8 urtetik 13 urtera Azkoitian bizi izan zen eta han ikasi zuen euskara; gaur egun Agurainen bizi da, eta azaldu duenez, jende oso atsegina topatu du bertan. Lagunekin euskaraz gaztelaniaz baino hobeto moldatzen da, eta kontatu duenez, ahizparekin gurasoek ez ulertzeko euskara erabiltzen du. Euskara irakasle izan gurako luke, beren antzera kanpotik datorren jendeari euskara ikasten laguntzeko.

Bere testigantza entzuteko, hemen duzue 7 minutuko bideoa. Ikustea merezi du!

Aratusteak egunerokotasuna alaitzeko opari bihurtu dira euskara ikastaroan

Asteartero moduan, fin-fin hasi dute udaleko langile batzuek eguna euskaraz trebatzeko ikastaroan. Baina egun guztiak ez dira berdin, eta gaurkoan umore ukituaz amaitu dugu eskola, Maite irakasleak ekarri dizkigun mozorroak soinean.

Gaur dugu martitzen karnabala, baina Durangon larunbata izaten da inauteri edo aratusteetako egun handia. Gainera, 2000. urtetik, aspaldiko pertsonaia berezi batzuk irteten dira kalera inauterietako larunbatean: Surrandiak. Pertsonaia horiek Gerra Zibilaren aurretik ere irteten zirela dakigu. Sudur luzedun maskarak jantzita, beldurra ematen zuten pertsonaiak ziren surrandiak; kalean gora kalean behera joaten ziren, puxikarekin jendea jotzen, eta herritarrek Andra Mariko elizpean baino ezin zuten babes hartu, maskaradun pertsonaiak ezin baitziren bertara sartu. Bada, ohitura hori berreskuratu dute Durangoko Kriskitin dantza taldeak eta Jaizale txistulari elkarteak, eta, urtero, gero eta koadrila handiagoa irteten da Surrandien Konpartsarekin. Informazio gehiago, hemen.

Abestia ere badu surrandien jaiak. Hemen duzue entzungai, eta hauxe da abesti horren letra:

Inauteriak egunerokotasunetik irten eta gu ez garen zerbaitez janzteko egunak izaten dira. Neguari agur esan eta udaberria ospatzeko esanahaia ei dago atzean; gaurkoan, tarte baten bada ere, udaberriz jantzi gara lanari beste umore batez ekiteko. Egun ederra izan!

Sortzaileak.eus sortu dute, euskal kulturako katalogoa

Euskal kulturgintzako ia 2.000 sortzaileren datuak batu dituzte Sortzaileak.eus datu-basean. Zazpi kultur esparru hartu dira kontuan: literatura, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak, bertsolaritza eta musika. Sortzaileen argazkiak, irudiak, datuak, eta estekak ipini dituzte kontsultagai.

Apurka-apurka sortzaileak gehitzen joatea da asmoa, eta gaur egungo kulturgintzan dabiltzan pertsonez gain, historian zehar izan diren sortzaileak ere katalogoan jartzea.

Kuxkuxeatu, kuxkuxeatu! Baietz jende ezagun ugari ikusi! http://www.sortzaileak.eus/

Euskaraz trebatzeko ikastaroa hasi dugu Udal Euskaltegiarekin elkarlanean

Gaur hasi dugu euskaraz trebatzeko ikastaroaren bigarren astea, eta bagabiltza, apurka-apurka gauzatxoak ikasten!

Euskarari astindu bat emateko asmoz, guztira, 36 langilek eman dute izena trebatze ikastaroan, eta hiru taldetan banatuta, astean behin dute klasea, udaletxeko Multimedia Gelan. Astelehenetan, asteartetan eta asteazkenetan izaten dira eskolak, 08:15etik 09:45era. Udal Euskaltegiko Garbiñe eta Maite dira irakasleak; Garbiñe astelehenetako eta eguaztenetako taldeekin dabil, eta Maite astearteko taldearekin.

Ikastaroaren helburu nagusia lanean euskaraz sortzea errazagoa izateko laguntza ematea da. Helburu erraz eta lorgarriak planteatu gura ditugu, eta erronka bat izango dugu aurrean: bakoitzak, bere mailatik eta aukeretatik, aurrerapausotxoak ematea.

Giro onean hasi dugu hemendik eta ekainera bitarteko bidea. Animo, denoi!

Aurreraxeago ere izango duzue ikastaroaren nondik norakoen berri blogaren bidez.

Aste ederra izan!

Euskarabentura antolatzen ari dira: gazteek Euskal Herritik egiteko espedizioa

16 eta 17 urte bitarteko gazterik baduzue inguruan? Bada, abentura berezia bizi ahal izango dute euskararen inguruan. Euskarabentura izeneko egitasmoan 120 gazte euskaldunentzako (zazpi herrialdeetakoak zein diasporakoak) espedizioa antolatzen ari dira. Euskal Herrian zehar oinez egingo dute espedizioa 2018ko otsailean, bertoko Done Jakue bideak jarraituz. Euskal Herria modu berezian ezagutzeko ekintzak egingo dituzte hilebte osoan: museoak bisitatu, hitzaldiak, tailerrak, kirol txapelketak, eztabaidak…

Euskarabenturako mapa (euskarabentura.eus)

Parte hartu gura dutenek lan original bat aurkeztu beharko dute, eta horretarako hiru gai proposatu dituzte antolatzaileek: euskara eta zure herria, euskara eta itsasoa eta euskara eta emakumeak. Idatzizko lanak, ikus-entzunezkoak, abestiak, artelanak… hainbat formatutan aurkeztu ahalko dituzte lan horiek.

Ekimen konpleto-konpletoa dirudi, ezta? Lotura honetan duzue informazio gehiago!

Noiz erabili letra etzana? Noiz maiuskulak eta minuskulak? Eta kakotxak? (5 minutuko ikastaroa)

Testu barnean izen eta kontzeptu bereziak sartzeko hainbat baliabide ditugu: letra etzana, maiuskulak, komatxoak edo kakotxak…

Kultura arloko adibideak oinarri hartuta, Ortotipografiari buruzko laburpentxoa duzue hemen:

Iturriak:
– Berriako Estilo Liburua
– Ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun-irizpideak finkatzeko Aholku Batzordea

Erderakaden errepasoa (5 minutuko ikastaroa)

Gaztelaniaz oso zabalduta dauden esamolde batzuk euskarara ere ekartzen ditugu maiz. IVAPen estilo liburutik eta laneko zuzenketetatik abiatuta, hona hemen erderakada batzuen errepasoa:

*Adostasun(era) batera heldu = llegar a un acuerdo

  • Zinegotziek luze eztabaidatu dute, baina lortu dute adostasun batera heltzea
  • Zinegotziek luze eztabaidatu dute, baina azkenean ados jarri dira

*Aldaketak jasan = sufrir cambios

  • Aurreko bilerara ekarritako txostenak aldaketak jasan ditu, eta gaur ekarri dugu proposamen berria
  • Aurreko bilerara ekarritako txostenari aldaketak egin dizkiogu, eta gaur ekarri dugu proposamen berria.

*Arazoa bideratu

“Arazoa bideratu” esanda ez dugu ezer esaten. Zehaztu gehiago:

  • Itoginen arazoa bideratzeko neurriak hartuko dira.
  • Itoginak konpontzeko neurriak hartuko dira.

*Argi berdea eman = dar luz verde

  • Udalbatzak argi berdea eman dio Euskara Kontseiluaren ordenantzari
  • Udalbatzak baiezkoa eman dio / onartu egin du Euskara Kontseiluaren ordenantza

*Arreta deitu = llamar la atención

  • Kontu horrek arreta deitu dit
  • Kontu hori deigarria gertatu zait 
  • Pedrori arreta deitzea gustatzen zaio.
  • Pedrori nabarmentzea gustatzen zaio

*Asumitu

  • Gastu hori udalak asumituko du
  • Gastu hori udalak ordainduko du /hartuko du bere gain

*Egoera errepasatu

Errepasatu ikasitakoa edo ikusitakoa egiten da, baina ez egoera bat. ‘Egoera aztertu’ edo ‘azaldu’ jarri dezakegu:

  • Errepasa dezagun berriz ere egoera, ea konponbideren bat aurkitzen dugun
  • Azter dezagun berriz ere egoera, ea konponbideren bat aurkitzen dugun

*Hiritar

‘Ciudadano’eta ‘ciudadanía’ barra-barra erabiltzen dira gaztelaniaz. Horren eraginez erabili ohi da ‘hiritar’, baina euskaraz ‘herritar’ dago hobetsita:

  • Udalaren betebeharra da bando bidez informazio hori hiritar guztiei helaraztea
  • Udalaren betebeharra da bando bidez informazio hori herritar guztiei helaraztea

*Apustua egin

Gaztelaniaz ohikoak dira “hemos apostado fuerte por estas inversiones” moduko esaldiak erabiltzea. Euskaraz, ordea, zerbaiten aldeko ahalegin horiei ez zaie “apustu” izena ematen.

  • Aurtengo kontzertuetan Durangoko artistengatik apustua egin dugu
  • Aurtengo kontzertuetan Durangoko artistak gonbidatu gura izan ditugu 
  • Ikastaroetan apustua egiteaz gain, instalazioetan inbertsioak egingo direla esan du alkateordeak
  • Ikastaroetako eskaintza indartzeaz gain, instalazioetan inbertsioak egingo direla esan du alkateordeak

*Suposatu

‘Suposatu’ aditzak ‘uste izan’ esan gura du: “Azkenean zer edo zergatik etorri ezin bada, deitu egingo duela suposatzen dut”. Beraz, kasu hauetan txarto dago:

  • Araua urratzeak 200 euroko isuna suposatzen du
  • Araua urratzeak 200 euroko isuna dakar
  • Araua urratuz gero, 200 euroko isuna ordaindu behar da
  • Horrek suposatzen du 800 familia inguruk parte hartu duela izotz pistan
  • Horrek esan gura du 800 familia inguruk parte hartu duela izotz pistan

2018rako asmoak

2017ko azken txanpan gaude. Datorren urtera begira, Euskara Zerbitzutik ere badauzkagu asmo berriak. Udalaren euskalduntzean urte nahiko berezia izango da datorrena:

  • Trebakuntzan pausotxo batzuk emango ditugu, Udal Euskaltegiarekin elkarlanean. Urtarrilean ikastaro orokor bat hasiko dugu udaleko hainbat langilerekin, eta HAZen ere ikastaro labur bat egingo dugu, euskarari astindu bat emateko.
  • 2018an euskarak udalean duen egoerari buruzko diagnostikoa egingo dugu, eta diagnostiko horrek emango dizkigu pistak datozen bost urteetarako Euskara Plana diseinatzeko. Horretarako udal langileoi parte hartzea eskatuko dizuegu, denon artean egingo baitugu euskarak gurean duen egoeraren argazkia.

Horretxek dira urte hasierarako gure asmoak. Astiro-astiro eta elkarri lagunduz emango ditugu pausuak. Batzuetan aldapa gogorren aurrean gaudela sentitzen badugu ere, egingo dugu!

Ondo-ondo amaitu urtea, eta indartsu eta irribarrez hasi 2018a!