Euskaraldian izena emanda, ARIGUNEAK sortzen hasi gara

Azken asteotan Euskaraldiko aurkezpenak egiten ibili gara udaletxean eta erakunde autonomoetan. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Aurten ere “belarriprest” eta “ahobizi” izango gara, eta, horrez gain, hizkuntza ohiturak aldatzeari ekiteko, entitateok “ariguneak” sortzen hartuko dugu parte.

Durangon dagoeneko 70 entitate inguruk eman dugu izena, eta bagabiltza “ariguneak” sortzen. Durangoko Udalak eman du izena, eta entitate autonomoek ere bai.

Zer dira ariguneak? Euskaraz lasai aritzeko guneak dira. Bi motatakoak daude:

  • Barne ariguneak edo talde barrukoak

Lankide, elkarteko kide edo taldekideen artean sortuko dira. Denek ulertuko dute euskara, eta % 80 arigunea sortzeko prest egongo da (“belarriprest” edo “ahobizi” rola hartzeko prest). Arigunea sortzea erabakitzeak esan gura du talde horretan konplizitate giro bat sortuko dela eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa elkarrekin egingo dela.

  • Kanpo ariguneak edo herritarrei begirakoak

Herritarrei begirako lanpostuetan egongo dira kanpo ariguneak. Zerbitzu leku horietan euskaraz jakitea bermatuta egongo da (gurean hala da) eta “belarriprest” edo “ahobizi” bat egongo da bertan. Gogoratu, gainera, gure kasuan, jendaurreko jardunean lehen hitza euskaraz egiteko irizpidea duela udalak.

Izena eman dugu, eta hasi gara lehen ariguneak sortzen. Datozen asteotan oraindik sortu daitezkeen ariguneak lotzen ibiliko gara. Edozein zalantza izanez gero, galdetu lasai!

Euskaraldiko informazio guztia www.euskaraldia.eus webgunean daukazue.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude