Udan irakurtzeko liburua aukeratu duzue? Hona hemen gomendio batzuk!

Uda irakurtaldi ederrak egiteko sasoi paregabea dugu. Baduzue ohiturarik oporretan irakurtzeko? Gaurkoan udaletxeko hainbat langileri udan euskaraz irakurtzeko gomendioak eskatu dizkiegu; liburu kuttunen bat, erraz eta gustura irakurritako nobelaren bat… Hainbat gomendio batu ditugu blogean:

  • Linh jaunaren biloba (Philippe Claudel, itzulpena) eta beste batzuk – Esti Albizu (Bizenta Mogel Biblioteka)

Estik kontatu digunez, aurten bibliotekako Irakurketa Klubean asko gustatu den liburua da Linch jaunaren biloba. Gerratik ihesi beste herrialde batera doazen Linh jaunaren eta haren biloba txikiaren istorioa kontatzen du. Itsas bidaia luze baten ondoren, errefuxiatuentzako aterpe batera eraman dituzte eta aterpetik atera den lehen egunean, beretzat arrotza den herrialde horretako gizon batekin laguntasun harremana hasiko du.

“Irakurle batzuk esan digute liburu horregatik bakarrik merezi izan duela Irakurketa Klubak”

Bibliotekako arduradunak Danele Sarriugarteren azken nobela ere gomendatu digu:  Azala erre: “Liburu freskoa da, igartzen da idazlea gaztea dela eta amaiera biribila iruditu zitzaidan”. Bibliotekan gehien hartzen den eleberrietako bat, berriz, dagoeneko hainbat urte dituen Karmele Jaioren Amaren eskuak da.

  • Hariak (Yoseba Peña) – Informatikako Nerea Erauzkinen gomendioa

 

Nereak azaldu digunez, momentu honetan ‘Hariak’ izeneko liburu hau irakurtzen dabil.

“Hiru kontakizun ezberdin dira eta erraz irakurtzen da. 1936.urtean, 1950.eko hamarkadan, eta borroka armatuan girotutako hiru istoriko kontatzen ditu liburuak. Memoria historikoaren inguruan azken aldian hainbeste hitz egiten den honetan, interesgarria iruditu zait irakurtzea”.

 

 

  • Alkimista (Paulo Coelho) – Beñat Onaindiaren gomendioa (Giza Baliabideak)

“Bizitza, lotura eta muga psikologikoetatik harago, atxikimendurik gabe bizitzera animatzen gaituen eleberria da. Norberaren bide-pertsonalean ez etsitzera animatzen duen liburua, eta ziurtasun guneetatik irtetzearen beharra azpimarratzen duena.

 

  • Bizi baratzea – Jakoba Errekondo – Ekain Muñozen gomendioa (Diru-bilketa)

Aspaldian eleberri gutxi irakurri duela eta, bestelako liburu bat gomendatu digu Ekainek: “Euskal ortuzaleon ‘Santa Sactorum’-a, uda sasoirako benetan aproposa! Zatika eta saltoka irakurtzeko egokia edo beharren arabera kontsultatzeko liburua. Informazio erabilgarri asko du, eta, tarteka, Jakobaren pasadizo xelebre eta kontutxoak kontatzen ditu. Gainera euskara freskatzeko ere balio du. Izan ere, ortu munduan erabiltzen diren ohiko erdarakada asko euskaraz baitatoz jator-jator”.

  • Kutsidazu bidea Ixabel (Joxean Sagastizabal) – San Agustineko Maider Larrañagaren gomendioa

Maiderrek aspaldiko liburu bat gomendatu digu:

“Udarako liburu aproposa – eta miloi bat urte duena – ‘Kutsidazu bidea Ixabel’ irudkitzen zait, barrez ito beharrean di-da baten irakurri nuen”

 

 

 

  • Udal Euskaltegiko pare bat gomendio

Amaitzeko, Udal Euskaltegiko Garbiñe Andrinuak emandako pare bat gomendio dituzue hemen, udan, ahal bada gerizpetan, irakurtzeko modukoak:

Ahaztuen mendekua – Alberto Ladron

Nobela beltza dugu hau. Ika-mika gordina izan dute Anak eta Oskarrek Iratin. Izan ere, Anak jakin du Oskar berekin ez dela lehiala izan. Eztabaidaren ostean, basoan desagertuko da Ana. Jazotakoaren errudun joko duten beldurrez, haren desagertzea ikertzen hasiko da Oskar. Ezustez jositako polizia nobela arina eta entretenigarria da.

 

Kamisoi zuri zetazkoa – Alaine Agirre

Pederastiaren inguruko nobela laburra da. Ingelesa ikasteko kanpamentu batera doan 11 urteko neska da protagonista. Uda berean iritsiko zaizkio hilekoa eta indarkeria. Hamaika urte ditu eta emakumetu egin dute. Badaki diferente jokatu behar duela, nahiz eta ez jakin oso ondo nola. Kontzientzia hori dauka abusatzailea hurbiltzen zaionean. Emakume batek bezala jokatu behar duela uste du, baina egiatan ez ditu ezagutzen jokoaren arauak. Estilo soilez idatzia eta Sara Moranteren ilustrazioz jantzia.

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude