Durangoko udal zerbitzuetan Euskaraldiaren eragina igarri dugu

Euskaraldian egindako neurketaren arabera, ahobizi eta belarripresten dinamikan 10,4 puntu hazi da euskararen erabilera udaletxean eta udal zerbitzuetan. Urriaren azken astean egindako neurketan % 40,8 ziren euskarazko ahozko harremanak; Euskaraldian % 51,2ra igo zen kopuru hori; eta abenduan, apur bat mantendu zen, % 46,5 izan da azken neurketako euskarazko portzentajea.

Euskaraldiaren eragina aztertzeko, hiru neurketa egin ditugu udaletxean eta udal zerbitzuetan: lehenengoa, urriaren 23 eta 24an; bigarrena, Euskaraldiaren barruan, azaroaren 27 eta 28an; eta hirugarrena, abenduaren 18 eta 19an. Guztira, 2.688 hartuemanetako hizkuntza neurtu da.

Udalera eta udal zerbitzuetara datozenean, emakumeek gizonek baino euskara gehiago -ia 10 puntu gehiago- erabiltzen dute gure neurketen arabera. Bi generoetan igarri da Euskaraldiaren eragina; gizonezkoen artean gehixeago.

Adinari dagokionez, gazteenak dira euskara gehien erabili dutenak; 18 eta 40 urte arteko 10 herritarretik 6k euskaraz egiten du udalera jotzen duenean. Grafikoan ikus daitekeenez, adin-tarte guztietan igarri da Euskaraldiaren eragina, eta abenduaren 18 eta 19an egindako neurketan euskararen igoera apur bat mantendu da.

Adina eta generoa kontuan hartuta, itxura honetako grafikoa sortu dugu (datuak ehunekoak barik elkarrizketa kopuruak dira oraingoan):

Departamenduei dagokienez, euskara gehien entzun den lekuak Pinondo Etxea, Landakoko sotoak, Andragunea eta Museoa izan dira (% 60 eta % 70 arteko datuak dituzte); euskara gutxien, berriz, Udaltzaingoan, ekonomia alorrean eta Bulego Teknikoan entzun da (% 30 inguruan daude datuak). Departamendu bakoitzeko datuak ondo aztertu eta txostetxo bana bidaliko dizuegu urtarrilean zehar.

Oro har, datu onak direla esan daiteke, eta horrela jarrraitzera animatzen zaituztegu! Euskaraldiaren bidetik, euskaraz egitea erraztera joko dugu administrazioan ere!

Euskararen erabileraz gain, beste datu interesgarri batzuk ere jaso ditugu neurketetatik. Neurketa egunetan udalera hurreratutako herrritarren % 58,9 emakumea izan da, eta % 41,07, berriz, gizona. Adinari dagokionez, erdia baino gehiago (% 52,7) 40 eta 60 urte bitartekoa izan da; % 30, 14 eta 60 urte bitartekoa; eta % 17,3, berriz, 60 urtetik gorakoa.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude