Zelan pasatu dute uda Durangora hurreratu diren turistek?

Sartu gara irailean, eta astiro-astiro lana zelan egiten genuen gogoratzen gabiltza. Ai, ze ondo egoten den terrazatxoetako gerizpetan! Batzuek beste batzuek baino opor egun gehiago izango zenituzten, eta denetariko lekuak bisitatuko zenituzten. Animo bada, orain!

Durangoko Udalean badira langile batzuk udan jo ta fuego ibiltzen direnak: Turismo Bulegokoak, zelan ez! Uda zelan joan zaien galdetu diegu, eta Durangora hurreratu diren turistekin zelan ibili diren ere bai. Galderatxo batzuk bidali dizkiegu, eta Miriamek bidalitako erantzunak dituzue hemen. Eskerrik asko, Miriam!!

Zelan joan da uda? Lan asko izan duzue?
Udan oso ondo ibili gara, eta lana izan dugu, bai. Udako hilabeteak politenak izaten dira jendaurreko arretari dagokionez, Durango ezagutzen ez duen jende asko hartzen dugu eta.

Aurreko urteetan baino jende gehiago etorri da Durangora?
Aurten orokorrean baino bisitari gutxixeago izan dugu. Zerbitzuen (audiogida, bisitak, alojamendu erreserbak…) eta kontsulten artean bereizten dugu, eta aurten kontsulta gehiago izan ditugu bulegoan, baina zerbitzu gutxiago kudeatu dugu.

Urrunetik etortzen dira turistak? ala nondik gehienbat?
Estatukoak Bartzelona, Madril, Valentzia eta Sevillatik etorri dira gehienbat; eta atzerritik, Frantziatik, alde handiarekin. Exotikoenak: Txina, Australia, Japonia, Israel, Georgia, Filipinak…

Zer ikusi gura dute Durangon?
Askok barrualdeko herri lasaiak dituzte gustuko, kostaldean beti jende gehiago dabil eta. Paisaia eta naturaren bila ere badatoz, oinezko ibilbideak egitera; eta ondareari dagokionez, batzuek Kurutziagako gurutzea eta Andra Mariako Basilikaren berri jaso dute eta horiek ikustera datoz. Orokorrean, Durango ezagutzen ez dutenak harritu egiten dira daukan ondarea eta historia ezagutu ostean, eta oso gustura ibiltzen dira.

Anekdotarik edo galdera bitxirik baduzu gogoan?
Duela egun gutxi astoz bidaitzen zuen bisitari frantsez bat etorri zen Durangora. Albistea hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude