Euskaldunen % 57,7k ez du liburuak euskaraz irakurtzeko ohiturarik

Durangoko Azokaren une bat (argazkia: Anboto astekaria)

Euskaldunen kultur kontsumoaren gaineko ikerketa egin dute Siadecok eta Elkar Fundazioak. Hainbat datu esanguratsu ondorioztatu ditu ikerketak: literatura, musika eta hedabideen kontsumoari buruz galdetuta, euskaldunen erdiek baino gehiagok adierazi dute ez dutela euskal kultura kontsumitzen.

Literatura: ohitura eta erraztasun falta
Liburuei dagokienez, inkesta erantzun duten euskaldunen % 57,7k erantzun du ez duela euskarazko liburuak irakurtzeko ohiturarik, eta euskaraz ez irakurtzeko arrazoien artean, gehienek (%42,5) diote ohitura eta erraztasun faltagatik ez dutela euskaraz irakurtzen. Zenbakitara eroanda, euskarazko ohiko liburu irakurleak 172.000 dira; erdarazko ohiko irakurle euskaldunak, berriz, 402.000. Kontuan hartu euskaldunei buruz gabiltzala berbetan, euskara ulertzeko gaitasuna duten herritarrez. Biztanle guztiei dagokien datua beste bat da: euskal herritarren % 6 dira euskarazko liburuen ohiko irakurleak.

Hedabideak: telebista prentsa baino gehiago
Hedabideei dagokienez, ikerketan gehien irakurritako bi egunkariez eta gehien ikusitako bi telebista-katez galdetu dute. Prentsari dagokionez, %20,6k dute euskarazko kazetak irakurtzeko ohitura; telebista-kateen kasuan handiagoa da kontsumoa, % 42.

Musika: azken urtean euskaldunen %47,1 izan da euskarazko kontzertu baten
Musikaren kasuan, beste arloekin konparatuta nahiko datu onak ditu euskal musikak. Hauexek dira datu orokorrak:

  • Diskoak erosi: euskaldunen %59,7k ez du azken urtean diskorik erosi. % 29,7k euskarazko diskoak erosi ditu, eta % 10,6k diskoak erosi bai, baina ez du euskarazko diskorik erosi. Euskarazko diskoen erosle gehienak 35-44 adin tarteko euskaldunak dira.
  • Kontzertuak: azken urtean kontzertuetara joan diren euskaldunen gehienek euskaraz kantatzen duten taldeak ikusi dituzte. Euskaldunen %38,4 ez da kontzertu batera ere joan; %47,1ek euskarazko talderen bat ikusi du, eta %14,5ek kontzertuetara joan bai, baina ez du euskarazko talderik ikusi.

Datu gehiago eta albistea, Berrian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*