Kalean neurtutako elkarrizketetatik %22,7 izan dira euskaraz

Datu interesgarriak eman zituzten atzo Durangoko hizkuntza-erabileraren kale-neurketaren aurkezpenean.  Soziolingustika Klusterrak egindako azterketaren arabera, kalean entzundako elkarrizketetatik %22,7 euskaraz izan dira, eta %75,4 gaztelaniaz. Beste hizkuntza batzuetan erabilera % 1,9koa izan da. Kontuan izan behar da Durangoko biztanleen % 49 dela euskalduna, % 27 ia euskalduna eta %24 erdaldun elebakarra.

Adin-tarteka, umeak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (% 37,8). Euskara gutxien erabiltzen dutenak, berriz, adinekoak dira (% 14,5). Gazteen erabilera  % 25,2koa izan da eta helduena  % 18,8koa.

Auzoka berriz, Alde Zaharrean (% 29,6) entzun dute euskara gehien; ondoren Ezkurdi–Madalena eremua kokatzen da (% 17,8) eta azkenik, Ibaizabal–Landako eremuan entzun dute euskara gutxien (% 14,1).

Ikerketak hizkuntza ohituren inguruko beste datu esanguratsu bat azaleratu du. Umeek eta helduek osatutako taldeetan entzun da euskara gehien:  % 42,2. Baina, hala ere, umeak bakarrik (nagusirik barik) daudenean % 19,7koa da euskarazko erabilera; eta, aldiz, nagusiak euren artean (umerik barik) ari direnean, % 14,3tan darabilte euskara.

Beheko taulan duzue datu nagusien laburpena, eta gehiago sakondu gura baduzue, aurkezpenerako erabili duten txostena sarean dago, lotura honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude