Euskararekin lotutako bizipen onen bildumatxoa

Datorren astean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu, eta horren aitzakian, udal langile batzuei euskararekin lotutako bizipen on bat kontatzeko eskatu diegu. Hona hemen bildumatxoa:


Gure herriko lehen ikastolan

Nerea Erauzkin – Informatika

bizipen-ona-ikastola

Nik gogoratzen dudan bizipen onena gure herrian hasi ginen lehenengo ikastola da, elizpeko lokal baten haur hezkuntzako umeak euskaraz ikasten hasi ginen. Gehienak eskola nazionalera joaten ziren eta guk euskaraz ikasten genuen.

Oso oroitzapen politak ditut. Oraindik orduko andereñoak ikusten nauenean ezagutu egiten nau.

 

Kanpoan etxean bezala sentitzea
Leire Olivenza – Musika Eskola

bizipenak-kanpoan-euskaldunekin

Euskararekin lotutako bizipen on bat kontatzea  eskatu didate, hiru-lau lerrotan, ez dakit hiru-lau lerrotan kapaz izango naizen bizipenak kontatzeko, euskararekin lotutako bizipen on asko baititut. Adibidez, oso gustukoa dut, atzerrian egoten naizenean euskaldun batekin topo egitea. Etxetik oso urrun egonda, etxean egongo banintz moduan sentitzen naiz. Gainera, normalean gure artean harremana sortzen da eta adiskidetasuna ere bai.

 

Beti gaztelaniaz lan egingo nuela uste nuen
Igor Zorrakin – Bulego Teknikoa

bizipenak-lana-euskaraz

Eskolako ikasketak euskaraz egin ondoren, unibertsitatean gaztelaniaaz ikasi behar izan nuen. Nire ogibidea beti gaztelaniaz izango zela pentsatu izan nuen ere enpresa pribatuan lanean hasi nintzenean. Gero Durangoko Udalean lan egiten hasterakoan pentsaera hori desagertu zen, eta zorionez euskara egunerokotasunean sartuta daukat jadanik.

 

Antzerkiaren bidez, euskararen aberastasunaz maitemintzen
Arantza Arrazola – San Agustin kultur gunea

bizipenak-antzerkia

Orian dela 20 urte hasi nintzen antzerki munduan lan egiten. Enpresa pribatu baten hasi nintzen, antzerki produkzioa eta distribuzioa egiten. Nire lana Euskal Herritik gora eta behera ibiltzea zen antzerki talde batzuk eskaintzen. Eta horrela ezagutu nuen hurbiletik euskararen aberastasuna, gure hizkuntza anitz honen bizitasuna, azentu ezberdinak, politak denak, batzuetan ulertu ezineko hitzak ere tartean.

Jadanik ez noa herriz herri, baina asko gustatzen zait hizkera ezberdinak entzutea eta antzerki emanaldietan ezkertzen dut bakoitzak bere hizkeran berba egitea, askoz ere naturalagoa eta aberatsagoa. Eta pixkanaka pixkanaka denon artean animatu jendea euskarazko emanaldietara.

 

“Zu etzara hemengoa, ezta?”
Ekain Muñoz – Ekonomia saila

bizipena-euskalkien-nahasketa

Igual, konta dezakedan gauza xelebre bakarra nire “euskalkiari” buruzkoa da. Edo nire euskalki faltarena, alegia! Gurasoak erdaldunak ditudanez, Donostiako ikastola garbizale bateko euskara ikasi nuen. Euskara batu-batua, hortaz. Gazte garaitan Leitza inguruko lagunak izan ditut, Tolosaldeko neska ohia, etab. eta orain, berriz, Oñatin bizi, eta Durangon lana. Azkenean, belaki baten erara, bakoitzean zer edo zer xurgatu nuen -euskalki propiorik errotuta ez izatearen arazoak-, eta egun, kriston nahasmasa daukat! Jendearekin hitz egiten dudanean, leku guztietan esaten didate: “zu etzara hemengoa, ezta?” Baita Donostian ere!!!

 

Durangoko gaztetxoekin irratigintzan
Idoia Azkorbebeitia – Durango Irratia

bizipenak-irrati-tailerrak

Durango Irratian euskarak integrazio eta elkarbizitzarako duen gaitasuna lehen pertsonan bizitzen dugu. Horrela gertatzen da duela bost urte martxan jarritako irrati tailerren baitan. Beste herrialdeetako eta bertoko neska mutilek euskara dute amankomun eta egunerokotasunean adiskidantza eta bizitzarako erabiltzen duten hizkuntza euskara da. Eta euskaraz prestatzen dituzte elkarrizketak, mahai-inguruak, txisteak, asmakizunak, jokoak…

********************************************************

Langile batzuei proposamena egin, eta sei hauek animatu dira euren bizipenak kontatzera. Besteok, animatzen zarete? Baten batek bere esperientziak konpartitu gura baditu, idatzi trebatzailea@durango.eus-era, eta argitaratuko ditugu blogean!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude