Ehunekoak (5 minutuko ikastaroa)

Asteon, igandeko hauteskundeen ostean, datu zaparrada jasotzen ari gara hedabideetatik. Estatistika eta datuen munduan sartuta, ehunekoei buruz berba egingo dugu gaur. Hona hemen ehunekoak ondo idazteko aholku erraz batzuk:

%3a ala %3 ?

Ehunekoak mugagabean deklinatu behar dira, beste zenbaki guztiak bezala:

  • Euskaldunen %50 ados daude erreferenduma egitearekin.

Mugatuan, kasu batean bakarrik emango da: aurretik aipatutako kopuruaren osagarri denean.

  • Inkestatuen % 40k uste dute erakundeek gehiago egin beharko luketela etorkinen alde. Beste %60ak konforme daude oraingo politikarekin.

 

%3 hazi da ala %3an hazi da ?

Langabezia tasak, kontsumorako prezioen indizeak eta abarrek gorabeherak izaten dituzte. Kontuan hartu euskaraz, gauza bat zenbat hazi den galdetzen dugula ez zenbatean hazi den. Beraz:

  • EAEn, langabezia %3 hazi da.
  • Barne produktu gordinak %0,8 egin du behera.

 

%3 da ala %3 dira ?

Normalagoa da aditza pluralean jartzea: mendebaldeko hiztunentzat naturalagoa da, eta erabilera zabalagoa dauka.

  • Ikusleen % 20k aukeratu dute ETB.

Gainera, plurala erabilita, askotan errazagoa da testuaren koherentziari eustea.

  • %80 lanik gabe daude, eta horietatik erdiak emakumeak dira.

 

%33 ala hirutik bat ?

Kontuan hartu askotan, ehunekoetan galdu beharrean, proportzioak emateko modu argiagoak ere badaudela:

  • Euskaldunen erdiak bat datoz referenduma egin behar dela.
  • EAEn hamar emakumetik lauk erabiltzen dituzte antisorgailuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude