Itzulpen literalak eta kalko okerrak (5 minutuko ikastaroa)

Esaldi batzuk itzultzerakoan, itzulpen literala eginez gero, ez dugu beti asmatuko. Izan ere, berba batzuek gaztelaniaz hainbat esangura edo adiera izan ditzakete, eta gero euskaraz funtzionatu ez. Itzulpen horiei deitzen zaie KALKO OKERRAK. Hona hemen adibide batzuk:

– CELEBRAR beti da OSPATU?

• 2016ko maiatzaren 24an ospatuko da osoko bilkura

Erderazko ‘celebrar’ aditzak bi esanahi izaten ditu:

1) Giro alaian zerbait ospatu
2) Bilera, ikuskizuna, ekitaldia… egin, izan, burutu.

Euskararaz, ‘ospatu’ esaterakoan, lehen adiera hori hartu izan da beti. Beraz, gaztelaniatik itzultzerakoan, jaiak bai, ospatuko dira, baina osoko bilkurak, ostera, ez. Eta hiletak, ezta pentsatu ere.

• 2016ko maiatzaren 24an egingo da osoko bilkura

Hona hemen ohikoak diren beste kalko oker batzuk:

– PROPONE ATRASAR = ATZERATZEA ERABAKITZEN DU?

Batzarren aktetan, sarri erabiltzen dira “esaten du” “galdetzen du” edo “proposatzen du” moduko aditz formak. -t(z)en forma horri ‘Orainaldi burutugabea’ deitzen zaio. Horrek esan nahi du ekintza hasita dagoela baina ez dela amaitu, edo maiztasun batekin pasatzen den zerbaiti buruz berba egiten gabiltzala. Adibidez: “Askotan joaten da Bilbora” “Bulegoa garbitzen dabil” “Udaletxean egiten du lan”.

Horregatik, hitz egiteari lotutako aditzekin, zuzenagoa da ‘Orainaldi burutua’ erabiltzea: “esan du” “galdetu du” “proposatu du”. Behin gertatu den ekintza bat da, eta momentu horretan esan, galdetu, erantzun… du. Orainaldi burutugabea testuinguru zehatz batzuetan baino ez genuke erabiliko, “Amamak beti esaten du ondo gosaldu behar dela” moduko esaldietan, adibidez.

– SUFRIR CAMBIOS / ALDAKETAK JASAN?

Gazteleraz “sufrir cambios” zilegi bada ere, hori euskaratzean “jasan” aditzarekin eman, ez bada aldaketa hori nekez edo gogoz kontra hartu dugula adierazteko.

– Udalak beregain hartuko ditu jantokiko gastuak, beti ere familiaren egoerak aldaketarik jasan ezean

– Udalak beregain hartuko ditu jantokiko gastuak, beti ere familiaren egoerak aldaketarik izan ezean.

– DAR ez da beti EMAN

Gaztelaniazko “dar” aditzak badu “gertatu” esangura; euskarazko “eman” aditzak, ostera, ez.

– Berdinketa emango balitz, kalitatezko botoarekin erabakitzea du alkateak

– Berdinketa izango/gertatuko balitz, kalitatezko botoarekin erabakitzea du alkateak

– MANTENER / MANTENDU

Euskaraz “mantendu” aditzak adiera hauek ditu:
1) Elikatu, mantenua eman
2) Norbait edo zerbait egoera berean iraunarazi.

Beraz, kalko okerra da honako hau:

– Gurasoekin elkarrizketak mantendu dira.

Euskaraz horrela esaten dugu:

– Gurasoekin elkarrizketak izan dira
– Gurasoekin batzartu gara
– Gurasoekin batzarrak egin dira, X-i buruz berba egiteko…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude