Eragile moreak, domekako Ibilaldiko nobedadeetako bat

Urte osoko lanketaren ostean, domeka honetan izango da Ibilaldia Durangon, ‘Dagigun’ lelopean. Egun osoan zehar, Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolen inguruko herritar ugari ibiliko da boluntario lanetan, eta tartean, peto morea soinean izango duten pertsonak: eragile moreak. Ikastolen jaietan sortu berria den figura da eragile moreena. Pasa den astean 120 pertsonek jaso zuten formazioa, eta euren eginkizuna zaintza egitea da, eraso sexistak ekidin ahal izateko.

Ibilaldiko parekidetasun taldea. (Argazkia: Anboto.org)

Ibilaldiko parekidetasun taldea. (Argazkia: Anboto.org)

Nagore Uribe-Etxebarria Andraguneko lankide eta ikastolako gurasoak azaldu duenez, “prebentzio lanaz gain, erasoen kontrako jarrera erakustea” ere izango da eragile moreen funtzioa. Parekidetasuna lantzeko Ibilaldiko lan-taldeko kidea da Nagore, eta azaldu du pozik daudela ideiak izan duen harrerarekin. Formazioa jaso duten 120 pertsonek edozein motatako indarkeria sexistei aurre egiteko jarrera aktiboa izango dute. Gune bakoitzean arduradun bat egongo da, eta berau izango da beste eragile guztien erreferente. Bestalde, egun osoan hiru ordutako txandak egingo dituzte hainbat eragile morek. Horien inplikazioa gainontzeko eragile moreena baino handiagoa behar du izan; begirada zorroztuta eta belarriak erne izatea da horien egitekoa; izan ere, eraso posibleen aurrean esku hartuko dutenak dira. Gainontzeko eragile moreek zeharkako lana egingo dute; bokata jaten, kontzertua entzuten, puzgarrietan umeak zaintzen edo ibilbidetik zehar daudela ere.

Ibilaldiko esperientziaren ostean, beste ikastolen jaietara ere zabaldu gura dute eragile moreen jarduna. Informazio gehiago Ibilaldiko webgunean duzue.

P.D.: Ibilaldiko koordinazio lanetan udaletxeko hainbat langile zabiltzate, eta honako hauek egun lanpetuak dira zuentzako. Animo denoi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude