Sei astez euskaraz aritzeko erronka hasi dute bigarren eta hirugarren pisuan

talde-lana

Martxan da Ostadarra lehiaketa! Bulego Teknikoan eta udaletxeko 3.pisuan erronka berezi bati ekingo diote gaur: sei astez, euskaraz berba egiteko izango dituzten aukera guztiak aprobetxatzen saiatuko dira.

Solairu bakoitzean hiru taldetan banatu dira langileak, eta egunerokotasunean ahalegin hori egiteaz gain, belarriak tente edukiko dituzte, aste amaieran beste taldeen jarduna baloratu beharko dutelako. Norbanakoen ahalegina ere sarituko dute, jakina baita beti eta guztientzat ez dela erraz-erraza izaten lanean euskaraz aritzea. ANIMO GUZTIOI, ETA ONDO PASA JOLASEAN!

Durangoko euskararen datu batzuk
Lehiaketa hasi aurretik motibazio saiotxo bat egin genuen, eta, bertan, Durangoko datu soziolinguistiko batzuk errepasatu genituen. Bloga datuok gogoratzeko leku aproposa da.

Eustatek argitaratu dituen azken datuen arabera, hauxe zen, 2011n, Durangoko euskararen ezagutzaren grafikoa:

Durangoko euskararen ezagutza1

Agian batzuri zalantza bat sortuko zitzaizuen: zeintzuk dira elebidun hartzaileak? Bada, euskaraz ondo moldatu ez arren, ulertzeko gai direla adierazi duten durangarrak dira. Honek, zera esan nahi du:

Durangoko euskararen ezagutza2

Euskaraz ulertuak izateko probabilitate nahiko handia dagoela Durangon!

Erabilerari dagozkion datuak, ordea, ez dira hain onak: 2011ko Eustaten ikerketan, durangarren % 31k adierazi zuen erabiltzen zuela euskara etxean.

Denon esku dago, pausoz pauso, konplexuak atzean utzita, eta bakoitzaren gaitasunak apurka hobetzen, erabileraren datuak igotzea. Administrazioan ez da beti erraza izaten, baina bakoitzak bete ahal dituen helburuak jarrita, bagoaz aurrera bidean!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude